Albisteak
Atzealdea

Euskaraldiko batzordea sortzeko bilera irekia, maiatzaren 31n

Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da III. Euskaraldia. Hizkuntza ohiturak aldatzea helburu duen ekimenari “indartuta eta gogoberrituta” heldu nahi diote Usurbilen.

2022·05·24


Euskaraldiaren Usurbilgo batzordea sortzeko bilera irekia egingo dute maiatzaren 31n, 18:30ean, Potxoenean. Euskaraldiaren III. Edizioa izango da aurtengoa, azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean. Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu, eta Usurbilen erronka horri “indartuta eta gogoberrituta” heldu nahi diote.

Euskalgintzan eragin nahi duen oro gonbidatu nahi dute bilerara: “Aurtengo Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzeaz gain, batzordearen dinamikaren berri eman eta bertaratuek zer-nola parte har dezaketen azalduko dugu. Denen ekarpenak izango dira ongi etorriak!”. Usurbilgo batzordeak hizkuntza ohiturak aldatzeko Usurbilen egin daitezkeen ekimenak pentsatu eta adostuko ditu.

Aurten, Euskaraldiak Korrikari hartu dio lekukoa. Herrietako batzordeak aktibatzen hasiak dira, pixkanaka, eta Usurbilen ere lanean hasteko prest daude: “Euskalgintzan aritzeko prest dagoena ongi etorria izango da, bultzada txikienak ere aurrera egiten laguntzen digulako. Zahar zein gazte, ahobizi zein belarriprest, denek izango dute zeresana batzordean”.