Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskara ikasteko, hobetzeko eta praktikatzeko aukera ugari, urritik aurrera: izen-emateak, zabalik

Etorri berrientzako eta jubilatuentzako oinarrizko euskara ikastaroak eskaintzen ditu udalak, Etumeta euskaltegiarekin elkarlanean. Euskara-maila hobetzeko eta praktikatzeko, beste bi egitasmo ditu martxan udalak Ttakun Kultur Elkartearekin: haur eta nerabeek euskara-maila hobetzeko saioak eta Mintzalagun. Izen-emateak irekita daude ikastaro eta egitasmo guztietan.

2025·09·15


Euskara ikasteko, hobetzeko eta praktikatzeko aukera izango da, urritik aurrera, udalaren, Etumeta euskaltegiaren eta Ttakun Kultur Elkartearen eskutik. Alde batetik, Etumetak euskara ikasteko eskaintza propioa izaten du, eta, gainera, udalarekin elkarlanean aritzen da udalak bultzatutako ikastaroak ematen. Beste alde batetik, haur eta nerabeen ezagutza-maila hobetzeko zerbitzua eta helduen ahozko jarduna mintzataldeen bidez hobetzeko zerbitzua eskaintzen du udalak, Ttakun Kultur Elkartearen laguntzarekin. Ondorioz, adin guztietako herritarrei eskaintzen zaie aurten euskara ikasteko, hobetzeko eta praktikatzeko aukera. Guztietan ere zabalik dago izena emateko epea:

Etorri berrientzako hastapen ikastaroa

Urriaren lehen astetik ekainera bitartean, astean 1,5 orduko saioa eskaintzen da Potxoenean. Guztira 45 ordu.

Ikastaroaren helburua da etorri berriak euskararen mundura gerturatzea, oinarrizko esamoldeak ezagut ditzaten.

Izen-ematea zabalik: euskara@usurbil.eus edo 943 37 19 99 telefonora deituta. Doan.

Ordutegia irailaren azken astean zehaztuko da (aurreikuspena: astearteetan, 18:15-19:45).

Jubilatuentzako oinarrizko euskara ikastaroa

Urriaren lehen astetik ekainera bitartean, astean 1,5 orduko saioa eskaintzen da Artzabalen. Guztira 45 ordu.

Ikastaroan, oinarrizko hiztegia, esamoldeak, arauak... eta, oro har, egunerokotasunerako makuluak ikasiko dituzte.

Ordutegia irailaren azken astean zehaztuko da (aurreikuspena: ostegunetan, 18:00-19:30).

Izen-ematea zabalik: Potxoenean aurrez aurre edo 943 37 19 99 telefonora deituta. Doan.

Etumeta euskaltegia

Etumeta AEK euskaltegiak zabalik ditu ateak ikastaro berrien gaineko informazioa emateko. Matrikula aldia irail osoan egongo da zabalik. Argibideak jaso edo izen-ematea bideratzeko: 607 609 379 / usurbil@aek.eus / Kale Nagusia 43.

Matrikula ordaindu behar bada ere, udalak urtero eskaini ohi ditu euskara ikastaroak egiten dituztenentzako dirulaguntzak: gutxieneko aprobetxamendua eta %80ko asistentzia betez gero, matrikularen kostua osorik jasotzeko aukera dago (600 euroko mugarekin).

6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeek euskara-maila hobetzeko saioak

Behar baino maila apalagoa duten ikasleentzako ikastaroa: kaxkoan, Aginagan eta Zubietan izango da aukera. Kaxkoan, ikas-mailaren arabera eratuko dira taldeak (HH5-LH2, LH3-LH6 eta DBH1-DBH4); Aginagan eta Zubietan, berriz, HH5-LH6 bitarteko haurrak elkarrekin ariko dira.

Eskola orduz kanpoko gainerako jardueren osagarri, jolasa da saioon muina; DBHko ikasle-taldearen kasuan, etxerako lanak ulertzen laguntzeko tartea ere hartzen da. Ordu eta erdiko bina saio antolatzen dira, astero.

Mailaketa-probak udalerriko ikastetxeek edo egitasmoa kudeatuko duen Ttakun elkarteak egingo dituzte.

Izen-ematea zabalik: irailaren 15etik 25era bitartean. Informazioa: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 45 93 54. Doan.

Mintzalagun

Herritar euskaldunei zuzenduriko egitasmoa da, eta helburua da euskaraz hitz egiteko gaitasuna hobetzea. Euskaraz ondo moldatzen diren pertsonak eta hizkuntza-maila hobetu nahi dutenak elkartzean datza. Kideen zaletasunak, adina, bizitokia eta ordutegiak aintzat hartuta osatzen dira taldeak, eta astean behin elkartzeko konpromisoa hartzen dute (lagun giroan paseatzeko, kirola egiteko, kafe bat hartzeko...).

Informazioa: zerbitzuak@ttakun.eus / 650 45 93 54. Doan.

Bi motatako euskaldunek eman dezakete izena: euskaraz bizitzeko ohiturarik ez dutenak (egunerokoan beren inguruan hitz egiteko aukerarik ez dutenak, euskara ikasten ari direnak, aspalditik euskaraz hitz egin ez eta jariotasuna berreskuratu nahi dutenak...) eta euskaraz ondo moldatzen direnak (zailtasunak dituzten herrikide euskaldunei lagundu nahi dietenak, lagun berriak egin nahi dituztenak, giro euskaldunean murgildu nahi dutenak...).