Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskara ikasteko dirulaguntzen ebazpen proposamena argitaratu du udalak

51 eskaera jaso ditu, guztira, eta 23.724 euro banatuko ditu, iaz baino 2.734 euro gehiago. Interesdunek alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea izango dute bihartik hasita, irailaren 21 arte. Aisialdiko ikastaroetarako dirulaguntzetan, berriz, hiru eskaera soilik jaso ditu udalak.

2021·09·07


Usurbilgo Udalak 51 eskaera jaso ditu euskara ikasteko dirulaguntzen 2021eko deialdian, iaz baino sei gehiago. Jasotako eskaerak aztertu, eta ebazpen proposamena argitaratu da gaur GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean: bihartik aurrera, hamar eguneko epea izango dute interesdunek alegazioak aurkezteko, irailaren 21 arte (hori barne). Halakorik ezean, ebazpena behin betiko bihurtu eta ordainketak bideratuko dira. Dirulaguntza horretarako 24.500 eurokoa aurrekontua zuen gordeta udalak (iaz baino 3.500 euro gehiago), eta, guztira, 23.724,93 euro banatu ditu (iaz baino 2.734,07 euro gehiago).

Eskaera kopuruaren igoera nabarmendu du udalak: “Agerikoa da jendeak euskara ikasteko egiten duen apustua, bai oinarrizko mailetan zein goragokoetan. Eskatzaileen kopuruak gora egin du azken urteetan, eta, honenbestez, aurten udalaren ekarpena handitu izanak eragin positiboa izango du”. 51 eskatzaileetatik 30ek Usurbilgo Etumeta-AEK Euskaltegian ikasi dute.

Udalak matrikula kostuaren %100 ordaintzeko irizpidea du, 600 euroko mugarekin, baldin eta ikasleek %80ko asistentzia badute eta gutxieneko aprobetxamendua frogatzen badute. Eskatzaileek, guztira, 25.590,53 euro ordaindu dute, eta banatutako kopurua, aldiz, 23.724,93 euro da: 1.865,60 eurokoa da aldea. Izan ere, aurten, hamasei ikasle izan dira matrikula 600 euro baino gehiago ordaindu dutenak. “Iaz jasotako eskaerak kontuan izanda, aurten aurrekontu handiagoa izan dugu: denera, 24.500 euro, iaz baino 3.500 euro gehiago. Oinarriak ezarrita, banatu beharreko laguntza 23.724,93 eurokoa da; beraz, bakoitzari dagokion gehieneko kopurua emateko moduan gara”.

Euskara ikasteko ohiko dirulaguntzaz gain, euskara ikasi eta behar ekonomiko dituztenentzako deialdia ere egin zuen udalak ekainean. Kasu horretan, eskaera bakarra jaso du.

Aisialdiko begirale tituluak

2020-2021 ikasturtean aisialdiko begirale edo zuzendari ikastaroak egin dituztenen deialdian hiru eskaera soilik jaso ditu udalak, eta laguntza horren ebazpen proposamena ere gaur kaleratu da. Eskatzaile guztiek gainditu dute atal teorikoa, eta laguntza jasotzeko baldintza da praktika-atala gainditzea bi urteko epean: 2023ko uztailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dute titulua eskuratu izanaren agiria udalean; hala egin ezean, laguntza itzuli beharko dute eskatzaileek.

Begirale ikastaroen kasuan, matrikularen %50 ordaintzea du irizpide udalak, gehienez ere 250 euroko mugarekin. Hiruek 360 euroko matrikula ordaindu zuten ikastaroa egiteko, beraz, bakoitzari 180 euro dagozkio. Hala, 540 euro bideratuko ditu udalak kasu horretan.