Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskara errefortzu saioak antolatu dituzte, laugarrenez, udalak eta herriko ikastetxeek, elkarlanean

HH5 eta DBH4 bitarteko haur eta nerabeen euskararen ezagutza hobetu eta egunerokoan gehiago erabiltzea da errefortzu saioen helburua. Izena emateko epea irailaren 25era bitartean izango da zabalik, eta saioak urrian hasiko dira.

2026·09·08


Laugarren urtez, euskara errefortzu saioak antolatu dituzte, elkarlanean, udalak, Udarregi ikastolak eta Aginagako eta Zubietako eskola txikiek. Eskolatik kanpo euskaraz aritzeko eskaintza indartzeko egitasmoa da, doakoa, HH5 eta DBH4 bitartean euskara gaitasunik ez duten edo maila apala ikasleentzat pentsatua. Izen-ematea irailaren 25era bitartean izango da: galdetegi bat beteta edo ikastetxearekin edo zerbitzua kudeatzen duen Ttakun Elkartearekin harremanetan jarrita egin daiteke.

Parte hartzaileek euskaraz aritzeko konfiantza eta gaitasuna izatea da euskarazko errefortzu saioen helburua: eskolaz kanpo izaten dira, talde txikietan, jolasaren bidez, urritik maiatzera. DBHko ikasleen kasuan, etxeko lanak ulertzeko laguntza gehigarria ere jasoko dute. Sei talde osatzeko aukera dago: lau Udarregi ikastolan eta bana Zubietako eta Aginagako eskola txikietan.

Euskararen ulermena eta ahozko adierazpena hobetu eta euskaraz aritzeko ohitura eta konfiantza handitzearekin batera, bestelako helburuak ere badituzte errefortzu saioek: eskolatik kanpo euskaraz bizitzeko guneak eskaintzea, hizkuntza kontzientzia lantzea eta euskal kulturarekiko lotura indartzea.

Euskara errefortzu saioen ordutegiak 2026-2027 ikasturtean

Udarregi ikastolan

  • HH5-LH1: 16:45-18:15 (astelehen eta asteazken)
  • LH2-3: 18:00-19:30 (astearte eta ostegun)
  • LH4-6: 18:00-19:30 (astearte eta asteazken)
  • DBH: 18:30-20:00 (astearte eta asteazken)

Zubietako eskola txikian: 16:30-17:40 (astelehen eta ostegun)

Aginagako eskola txikian: 16:30-18:00 (astearteetan)

Euskara errefortzuen eskuorria 2026-2027 (PDF): hemen.

Izena emateko galdetegia: hemen.

Ttakun Elkartea

zerbitzuak@ttakun.eus

650 459 354

Informazio gehiago

euskara@usurbil.eus