Eduki publikatzailea

Atzealdea Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak Aginagako saneamenduaren obrak gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute

Aurten hasi nahi dute obrekin, abenduan, eta 22 hilabeteko iraupena izango du obrak, aurreikuspenen arabera. 5,4 milioi euroko inbertsioa egingo dute Ura agentziaren eta Añarberen artean.

2021·05·21


Aginagako saneamenduaren obrak gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak: halaxe onartu zuten maiatzaren 7an Añarben egindako batzarrean. Lur Etxeberria zinegotziak gogoratu duenez, 2019ko otsailean jada onartu zuten Añarbeko Mankomunitateko batzarrean Aginagarako saneamendu proiektu bat. Proiektu horrek hiru fase aurreikusi bazituen ere, orduan Añarbek eta Urak-ek sinatutako akordioak lehenengo bi faseak egitea aurreikusten zuen, hirugarrena gauzatzeko bermerik gabe. Udalak, ordea, hiruak batera egiteko eskatu zuen, eta azkenean lortu du hiru faseak barne hartzea hitzarmen horrek.

Añarbek eta Urak sinatutako hitzarmen horren bidez, proiektua nola finantzatu eta nola gidatu adostu dute. Obra osoaren kostua 5,4 milioi euro dira. Urak-ek kostuen %60 hartuko du bere gain, eta kontratazioa eta obra zuzendaritza bere gain hartuko ditu. Añarbek, berriz, gainerakoa finantzatuko du: %40. Aurten hasi nahi dute lanekin, abenduan, eta, beraz, epe motzean aterako dituzte lizitatzera; guztira, 22 hilabeterako lana izango dela aurreikusi dute.

Etxeberriak azaldu duenez, saneamenduari dagokionez, Aginagakoa da egoera kritikoena: “Ur zikinak eta euri urak denak nahastuta iristen dira Oriara, eta horrek sekulako kaltea egiten dio ingurumenari. Ezin dugu ahaztu, gainera, babesa legez aitortua duen ingurunea dela”.

Josu Alkorta udal-brigadako kideak eman ditu Aginagako proiektua gauzatzeko hiru faseen zehaztasunak: Osinaldetik Aginagaraino izango dira esku hartzeak.

1go fasea. Osinalde HUPE eta Txokoalde HUPE* lotu.

*HUPE: Hondakin Uren Ponpa Estazioa. Urak, maldan behera joateko, ez du mekanismo artifizialik behar: naturalki doa. Behetik gora joateko, ordea, zerbaitek bultzatu behar du, eta horri HUPE deitzen zaio.

1go fasean, beraz, jada bereizita dauden Txokoaldeko isuriak jaso eta bertan eraikiko den HUPE-aren bitartez, Santueneko isuriekin batera, Osinaldeko sistema orokorrera eramango dira.

2n fasea. Txokoalde HUPE eta Aginagako HUPE lotu.

Aginaga kaxkoko isuriak jasoko dira, eta Aginaga HUPE berritik Txokoaldera eramango dira, Oria ibaia gurutzatuta.

3n fasea. Aginagako kolektorea eta obra osagarriak.

Aginagako erriberan kolektore generala egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote gero udalak egingo duen proiektuaren bitartez etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko.

Etxeko lanak egiten

Saneamendu sarearen bidez, euri urak eta ur zikinak jasotzen dira. Historikoki, denak batera jaso izan dira, eta hori guztia ibaietaraino iritsi da. Azken urteetan, ordea, higieneagatik eta ingurumenagatik, euri urak eta ur zikinak bereizita jasotzea da irizpide orokorra: euri urak jaso eta ibaietara bideratzea, eta ur zikinak, berriz, araztegietara.

Etxeberriak mapa baten bidez azaldu du Usurbilgo saneamenduaren egoera orokorra zein den. “Esan daiteke egoera ona dela, baina oraindik badaukagu lan pixka bat egiteko”. Norabide horretan lanean ari direla azaldu du Etxeberriak, eta momentu honetan batez ere bi eremutan duela arreta jarria udalak: Aginaga eta Kalezar.

Aginaga eta Txokoalde berdez ageri dira mapa horretan. Horrek esan nahi du dena ibaira botatzen dela, euri urak zein ur zikinak. Aipatu proiektuarekin, Urak-ek eta Añarbek ur zikinak Loiolako araztegira eramateko azpiegitura nagusia eraikiko dute, eta hori iristen denerako isuriak jada bereizita jasotzea da helburua. Horretarako, beharrezkoa da etxebizitza bakoitzak bere urak bereizita jasotzeko obra egitea, kanalak azpiegitura horri lotuz. Txokoalden, izatez, jada bereizita jasotzen dira, 1997ko uholdeen ondorioz egin ziren obretan bereizi egin baitzituzten: esan bezala, ordea, dena ibaira botatzen da, eta horregatik ageri da berdean. Aginagakoa prest edukitzeko, berriz, proiektua idazten ari da Injelan, udalaren eskariz.

Kalezar, berriz, naranjan ageri da. Zehazki, Belmonte kaletik N634 errepidea bitartean dauden etxebizitzetan du jarria arreta udalak. Izan ere, zaintzadun etxebizitzen auzunea egiten ari da Matia, eta euren obrak aprobetxatuko ditu udalak zati horren saneamendua hobetzeko. Euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldean, eta hori bereizteko obra egingo du udalak; Infolur ari da proiektu hori idazten.

Etxeberriak esan duenez, udazkenerako bi proiektuak idatzita edukitzea da udalaren asmoa. Hortik aurrera, ikusi beharko da obra bakoitzak zenbateko aurrekontua duen, eta horren arabera erabaki obrak noiz egin.