Eduki publikatzailea

Atzealdea Etxez etxeko laguntza zerbitzua pertsona ardatz duen zaintza eredura egokitzeko urratsa egin du udalak

Uztailaren 1etik aurrera jarriko da martxan etxez etxeko zerbitzu eraldatua: langileen lan baldintzak hobetuz eskaintzen den laguntza zerbitzua hobetzea da helburua. Arreta Zerbitzuak enpresak eskuratu du esleipena, urtebeterako: ia 345.000 euro bideratuko ditu udalak.

2026·06·24


Etxez etxeko laguntza zerbitzua pertsona ardatz duen zaintza eredura egokitzeko urratsa egin du udalak. Udal zerbitzuaren araudia behin betiko onartuta, esleipena gauzatu berri du: urte luzez herrian zerbitzua eskaini duen Arreta Zerbitzuak enpresak eskuratu du, 344.347 euroan. Uztailaren 1ean kontratua sinatu eta martxan jarriko da.

Zaintza eredua eraldatzeko azken urteetan Usurbilen egindako lanketa kolektibo handiak ahalbidetu du pertsona ardatz duen zaintza ereduaren inplementazioan urratsak egitea eta zaintzaren bueltan lanean ari diren eragile eta baliabide guztiak ekosistema batean egituratzea, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez. Zerbitzu hutsetan oinarritutako arreta eredutik Bizi Plan parte hartzaileen eredura aldatzen ari da udala.

Bi oinarriren gainean eraiki da arreta eredu berria, Solaberrietak gogoratu duenez: zaintza behar duen pertsonaren nahiak eta lehentasunak erdigunean jartzea, eta zaintzaileen zaintza bultzatzea. “Zaintzaile profesionalen lan baldintzak duintzea ere bada gure helburua. Izan ere, gure premisa argia da: guztiok dugu zainduak izateko eskubidea, baina ez beste pertsona baten eskubideen kaltetan”.

Solaberrietak aitortu duenez, kostatu egin da bigarren oinarrira iristea, orain arte arreta ereduaren eraldaketan eta ekosistemaren artikulazioan jarri direlako indarrak: “Orain, eredu horren logikara egokitzen ari gara udaletik eskaintzen ditugun zaintza-zerbitzuak, eta egokitzapen horretan langileen lan baldintzak hobetzea jarri dugu lehentasun, izan ere, argi daukagu zaintzaileen lan- eta bizi-baldintzak hobetzeak zainduaren bizi-kalitatea hobetzen laguntzen duela”.

Zerbitzu guztien artean, gainera, etxez etxeko arreta lehenetsi dute, zaintza eredu berrian etxeko zaintza “estrategikoa” delako: “Izan ere, zerbitzu honek pertsona bere etxean, bere auzoan, bere komunitatean geratzea eta beharrezko laguntza bertan jasotzea ahalbidetzen du, eta bere ongizatea bermatzea bezain garrantzitsua eta beharrezkoa iruditzen zaigu zaintzaileen ongizatea bilatuko duen eredua bultzatzea”. Lan horretan, batez ere, emakumeak aritzen dira, eta Solaberrietaren esanetan, ez da kasualitatea lan prekarizatua izatea. “Udaletik sustatzen ari garen eraldaketak begirada feminista eta arrazista du, eta irizpide horiek gidatu dute zerbitzuaren berrantolaketa osoa. Zaintzaren balio sozial, ekonomikoa eta politikoa aldarrikatzen dugu, eta erakunde publiko gisa horretan dugun erantzukizunak eraman gaitu etxez etxeko zerbitzua aldatzera, langilea ardatz harturik”.

Bi urrats garrantzitsu egin ditu udalak, azken hilabeteetan, etxez etxeko zerbitzuaren kalitatea hobetzeko helburuarekin: zerbitzuaren arautegi berria onartzea (2025eko irailean argitaratu zen behin betiko onarpena), eta arautegi horretan oinarritutako zerbitzuaren esleipena gauzatzea. Zaintzan eragiten duten eragile guztiek eraldaketan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du Solaberrietak. Ildo horretan, herrian etxeko zaintza ematen duen Arreta Zerbitzuak enpresaren eta langileen batzordearen artean udazkenean lan hitzarmena berritzeko akordioa erdietsi izana txalotu du: alkatearen esanetan, “nabarmen” hobetuko ditu langileen lan-baldintzak, besteak beste, soldata eta lan jardun jarraitua. Izatez, udalak zerbitzua esleitzeko egindako prozesuan hitzarmen hori hartu zuen erreferentziatzat: zerbitzua eman nahi zuenak hitzarmen hori bete eta errespetatu behar zuen. “Zentzu horretan, nabarmentzekoa da, baita ere, urteotako lanketan parte hartu eta eredu berria inplementatzeko enpresak eta langileek izan duten borondatea eta inplikazioa”.

Zerbitzua eredu berrira egokitzeak baliabide ekonomiko gehiago bideratzea ekarri du: guztira, udalak 344.347 euro bideratuko ditu zerbitzua eskaintzera. Igoerak hiru arrazoi ditu: prezioak eguneratzeko beharra, lan hitzarmen berria eta zeharkako lan orduak zenbatu eta ordaintzea. Solaberrietak azaldu duenez, uztailaren 1ean sinatuko dute kontratua, eta orduan jarriko da martxan funtzionamendu berria, urtebeterako. “Eredu zaharretik berrirako trantsizio gisa planteatzen dugu. Eredu hau posible ote den, jasangarria ote den frogatu nahi dugu, eta epe hori eman diogu gure buruari. Gisa honetako eredurik ez dago gure inguruan, eta, beraz, bide berri bat urratzera goaz”.

Eraldaketarako gakoak

Pertsona ardatz duen zaintza ereduaren filosofia nola gauzatu finkatzea lan mardula izan da, Solaberrietaren esanetan, udal barruan zein zaintza ekosistemaren parte diren beste lantaldeekin batera aritu baitira lanean.

Usurbilgo etxez etxeko laguntza zerbitzua hamar laguneko lantaldeak osatuko du: bederatzi zaintzaile profesional eta jardun erdiz arituko den gizarte langile batez osatuko da. Kopuru hori gaur egungo datuetan oinarrituta kalkulatu da: aurrera begira, zaintza eskatzen duten pertsonen kopurua handituko balitz, langile kopurua ere igo beharko litzateke. Horrekin batera, herria hiru lan eremutan banatu dute: lehenengoa Aginagak, Zubietak, Santueneak eta Urdaiagak osatuko dute; bigarrengoa kaxkoa bera izango da, eta, hirugarrena Munalurrak eta Kalezarrek osatuko dute. Bederatzi zaintzaile profesionalak hiru taldetan banatuko dira, eta bakoitzak bere lan-eremu finkoa izango du. “Modu horretara, laguntza zerbitzua jasotzen duten pertsonek erreferentziazko zaintzaileak izango dituzte, eta zaintzaileei bere eguneroko lana erraztuko die”.

Horrek mugikortasunari ere eragingo dio: lehenengo eremuan ezinbestean beharko dute garraioa, bigarrenean ez dute beharko, eta hirugarrengoan kasuren batean izan daiteke, baina ez nagusiki. Esleipendunak eskaini beharko die garraioa, edozein kasutan. “Horrek ekarpena egiten dio, era berean, udalak ezarritako trantsizio ekosozialaren misioari”.

Horrekin batera, lanaren antolamendua aldatuko zaie. Lan jarduna jarraitua izatea lehenetsiko da: hau da, orduka lan egiteari utziko diote. Halaber, beste aldaketa garrantzitsu bat zeharkako orduena izango da: pertsonarekin egindako zuzeneko orduez gain, zaintzaileek astean hainbat ordu izango dituzte ezinbestekoak diren eta lanaren parte diren beste zereginetarako. Enpresak udalari zehaztu beharko dio zertarako erabiltzen diren; hor sartuko dira garraioa, zaintza ekosistemaren beharrak (ekintzak, bilerak, ikastaroak), gizarte langilearekin izango dituzten bilerak, euskara ikasteko orduak, akonpainamendu psikologikoa, formakuntza, baliabide digitalak elikatzea eta abar.

Udalak, gainera, bi gune eskainiko dizkio zerbitzu emaileari: bat kaxkoan, 2. eta 3. eremuan ari direnentzat, eta bestea Santuenean, 1go eremuan ari direnentzat. “Zaintzaile profesionalek pairatzen duten isolamendua apurtu eta talde bateko kide sentitzeko helburua du, euren arteko hartu-emanak bultzatzeko, bilerak egiteko...”.

Esleipenean honako atalak baloratu dira: arreta eredua; zerbitzuaren antolaketa Usurbilgo ereduaren berezitasunak kontuan izanda; barne eta kanpo koordinazioa; langileen kudeaketa; zerbitzua ebaluatzeko adierazleak; Usurbilgo herrira egokitutako proposamena izatea; barne prozedurak eta protokoloak; genero berdintasuna; zeharkako lanorduen banaketa, antolaketa eta jarraipenerako proposamena; digitalizaziorako neurriak. Horrekin batera, prezioaren eta hobekuntzen balorazioa dago: prezioari 25 puntu eman zaizkio, eta hobekuntzei, 26. Hobekuntzak izan daitezke: garraioa, aparteko garbiketak, garbiketa produktuak eta jantzitegia edo lan-hitzarmenaren gaineko hobekuntzak.

Patxi Arregi Arreta Zerbitzuak enpresako arduradunaren ustez, etxez etxeko zerbitzua arreta eredu berriaren arabera ematea aukera bat da enpresarentzat: “Hemen lortzen dugun esperientzia lagungarri izango zaigu beste herri batzuetarako ere: uste dut hau dela etorkizuneko eredua”. Azaldu duenez, pertsonan ardaztutako eredua maizago aplikatu izan da egoitzetan, eremu kontrolatuagoak direlako: etxeetako zerbitzuetan zailagoa zen martxan jartzea, eta, haren ustez, hori izan da orain arte halakorik martxan jarri ez izanaren arrazoia. Zerbitzua bera eta langileak berrantolatzea izango dira erronka nagusiak haientzat, baita zeharkako orduak antolatzea ere. Horrekin batera, zerbitzua bera ekosistema baten barruan kokatzeak, udalarekin ez ezik, beste eragile batzuekin hartu-emanetan aritzea eskatuko die.

Arantxa Errekondo eta Maite Mercader Arreta Zerbitzuak enpresako zaintzaile profesionalek proiektu “oso erakargarria eta interesgarria” dela nabarmendu dute: “Baldintzak askoz hobeak izango dira guretzat: urte asko daramagu eskubideak aldarrikatzen, eta badirudi baten batek entzun dituela. Inoiz ez da berandu, eta ongietorria izan dadila”. Antolaketa berria martxan jartzerakoan egunerokoan artatzen dituzten erabiltzaileak aldatzea ekar lezake, eta ohitze fasea pasatzea egokituko zaie zaintzaileei zein erabiltzaileei. Edozein kasutan, esker oneko hitzak izan ditu familientzat: “Hemendik aurrera ere harremanetan jarraituko dugu”