Eduki publikatzailea

Atzealdea Etxeko konponketak egiten ikasteko ikastaroa, Jabetze Eskolaren bidez

Emakumeei zuzendutako ikastaroaren helburua etxeko konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea izango da: bi orduko zortzi saio izango dira, eta hamabi lagunek parte hartzeko lekua dago. Izen-ematea otsailaren 26tik martxoaren 8ra bitartean izango da.

2024·02·21


Usurbilgo Parekidetasun sailak, Jabetze Eskolaren bidez, etxeko konponketak egiteko ikastaroaren berri eman du: emakumeei zuzendutako ikastaroa da, euskaraz, eta hamabi lagunentzako lekua izango da. Izen-ematea astelehenean irekiko dute, otsailaren 26an, martxoaren 8a izango da azken eguna: parekidetasuna@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 19 51 telefonora deituta egin daiteke.

Tailerraren helburua etxean sortzen diren konponketa txikiak egiteko oinarrizko ezagutzak eskuratzea da, halakoak egiteko beldurra galdu eta konfiantza gehiagorekin aritzeko. Bi orduko zortzi saio izango dira, eta hainbat eratako lanak ikasiko dituzte: entxufeak konpontzea, iturriak ura galtzen duenean zer egin, apalak jartzea, paretak lisatzea edo pintatzea.

Ikastaroa astelehenetan izango da, Atallu industriagunean (Zanpiura, 3an), martxoaren 11n hasi eta maiatzaren 13ra bitartean, 17:00etatik 19:00etara.

Parekidetasun Sailaren udaberriko eskaintzaren parte bada ere, gainerako ikastaroak baino lehenago hasiko da; aurrerago emango dute gainerakoen berri.