Eduki publikatzailea

Atzealdea Etxebizitza

2020ko martxoko Udalberrin argitaratutako zutabea, etxebizitzen inguruan.

2020·03·06


Hamar urte pasatu dira Usurbilgo Udalak alokairu sozialean etxebizitzak esleitzeari ekin zionetik. Hamar urteko ibilbide horren balorazioa egin berri dugu, eta etxebizitza horiek esleitzeko modua aldatu behar dela ondorioztatu dugu, unean uneko beharrei modu egokiagoan eta justuagoan erantzun ahal izateko. Hala, proposamena ondu, eta otsaileko udalbatzara eraman genuen. Funtsean, hauxe da proposamenaren gakoa: etxebizitza eskatzaileen udal-erregistro bat osatzea eta etxebizitzak baremazio-sistema baten bidez esleitzea, zozketa alboratuz.

Etxebizitzena, berez, ez da udalon eskumena: Eusko Jaurlaritzari dagokio. Hala eta guztiz ere, Usurbilgo udal-agintari ezberdinek lehentasunezko gaitzat izan dute, eta inbertsio eta baliabide ugari jarri dituzte horren zerbitzura. Diodanaren isla da honako datu hau: hemeretzi udal etxebizitza alokairu sozialean eskaintzen dira gaur egun. Epe motzean, gainera, udalak Santuenean dituen beste bi etxebizitza alokairu sozialera bideratuko ditugu, eta aurtengo legegintzaldian jarri nahi dugu martxan Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa. Emantzipatu nahi duten gazteentzat eta bakarrik bizi diren adinekoentzat bideratuko dena, bizi eredu kolektibo eta komunitarioa ardatz izanik. Labur esanda, beraz, horixe da une honetan udalak epe motzean dituen eta bideratu nahi dituen baliabideak eta inbertsioak, usurbildarron etxebizitza eskubidea bermatzeko. Jakin badakigu, ordea, ez direla aski.

Alkate ardura hartu nuenetik herritarrekin izandako hartu-eman gehienen arrazoia horixe izan da, hain zuzen ere: etxebizitza baten falta, alokairuen prezioen ondorioz. Izan ere, eskandalagarria da merkatu libreko etxebizitzen alokairuen prezioa edota higiezinen agentziek ezartzen dituzten baldintzak. Alokairuaren prezioak %25 egin du gora 2013tik, eta azkeneko urtean alokairuaren kostua KPI baino 8 aldiz gehiago igo da. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordeak aitortu berri du Alokairurako Etxebizitza Parke Publikoa (22.000 etxebizitza) oso motz geratzen dela Etxebiden jasotako eskariak (55.000) asetzeko. Bestela esanda, badirudi Jaurlaritza ez dela alokairuaren arazoa arlo publikotik konpontzeko gai.

Datuek agerian uzten dute, hortaz, batetik, bestelako etxebizitza-politika bat behar dugula eta, bestetik, presazkoa dela alokairuaren prezioa mugatzea. Etxebizitza merkatuak espekulaziorako esparrua izateari utzi behar dio, horrek ondorio latzak dakartzalako: kaleratzeak, zaurgarritasun egoerak, segregazio arazoak, gazteen emantzipazio ia ezinezkoa… Alemanian eta Frantzian, esaterako, alokairuen prezioak mugatzeko sistemak jarri dituzte martxan jada, eta Nazio Batuen Erakundeak norabide horretan lan egitea gomendatu die gainerako estatuei. Espainian PSOEk eta Podemosek osatu berri duten gobernu-programan jasota dute neurri hori. Baina, berriki, Eusko Legebiltzarrak atzera bota du alokairuaren prezioa mugatzeko legez besteko proposamena: onartezina da.

SOS dei bat egin nahi dut, dagokionari: udalotatik soilik ezin diogu arazo latz honi erantzun.