Eduki publikatzailea
2017·06·20
Usurbilgo Udalak Etxebeste eta Hirutasuna kaleetako urbanizatze obrei ekingo die Santixabelen ondoren, uztail hasieran. Iaz Irazu kalean egin ziren lanei segida eman eta gune hortako irisgarritasun zein segurtasun arazoak konponduko dira. Izan ere, gaur egun harri galtzadak sortu ditzakeen oztopoak arinduko dira, orain artean dauden harri berberak ebakiz, leunduz eta berrerabiliz. Modu horretan, orain arteko izaera mantentzeko ahalegina egingo dute udal ordezkariek.
Lanak uztaileko lehen egunekin batera hasiko dira, herriko festen ostean, eta bukaera irail bukaerarako aurreikusita dago. Lanak Kale Nagusitik hasiko dira. Guztira hiru hilabeteko lanaldia izango da. Aurrez aipatu bezala, lanak Irazu kalean iaz hasitako urbanizatze lanen segida dira. Lehen faserako 191.552 euro erabili baziren, bigarren fase honetarako 259.755 euro bideratuko dira. Proiektua eta obren zuzendaritza Inforlur enpresak gidatuko du Construcciones Lasuen S.A. izango da kontratista.
Obrek eragin ditzaketen eragozpenak direla eta, udaleko ordezkariek aldez aurretik barkamenak eskatu nahi dizkiete bizilagunei.