Albisteak
Atzealdea

Etxealdia: auzoaren beharrak ezagutzeko deialdia

Datorren astean, urtarrilaren 19an, jarri du hitzordua udalak, auzotarren ekarpenak jasotzeko.

2022·01·12


Udalak Etxealdiako beharrak ezagutzeko deialdia egin du: datorren astean, urtarrilaren 19an izango da. Udal ordezkariek eta auzotarrek auzoa bisitatuko dute, behar horiek auzotarrengandik zuzenean jasotzeko. Haur parkean egin dute hitzordua, 18:30ean.

Azaroan, 2022ko aurrekontuak auzoz auzo aurkezteko bileran, Etxealdiako bizilagunek auzoari lotutako kezkak eta ekarpenak helarazi zizkieten udal ordezkariei. Bilera hartan, udal-gobernuak konpromisoa hartu zuen, batetik, udaberrian parte-hartze prozesu xume bat egiteko auzotarrekin, eta, bestetik, San Esteban kalea irisgarri izateko eta oinezkoen segurtasuna lehenesteko proiektu bat idazteko. Oraingoz, udalak 15.000 euroko partida du gordea auzotarrek lehenesten duten inbertsioa burutzeko (auzo lokala txukuntzea, jolas parkea berritzea...).