Eduki publikatzailea

Atzealdea ETSrekin elkarlanean ari da udala, tren geltokia berritzeko

2010ean idatzitako proiektua berridazten ari da Typsa enpresa, ETSren eskariz, eta 2021eko udazkenerako amaitzea aurreikusi dute. Udalak zenbait proposamen egin dizkie, geltoki berria egitea merkeago izateaz gain, funtzionalagoa eta ingurunearekiko inpaktu gutxiagokoa izan dadin, eta, 2010ekoa ez bezala, azkenik, proiektua gauzatu dezan.

2021·02·05


Usurbilgo tren geltokia berritzeko urratsa egin zuen, iaz, ETS Euskal Trenbide Sareak, 2010ean idatzi eta baztertuta gelditu zen proiektua berridazteko lehiaketa jarri baitzuen martxan. Typsa enpresak eskuratu zuen esleipen hura, eta aurten, urtea bukatzerako, berridatzita izango dutela aurreikusi dute. Haiekin harremanetan dago udala, geltoki berria herriarentzako ahalik eta egokiena izan dadin.

2010eko proiektuak zubi eta geltoki berria aurreikusten zituen. Zubia egungoa baino luzeagoa planteatu zuten, Etxealditik Atalluraino luzatuko litzatekeena. Proiektu hura, ordea, ez zen gauzatu. Azken urteetan, Usurbilgo geltokia berritzeko udalak ETSrekin izandako hartu-emanek fruituak eman dituzte, eta proiektu hura berridazteko lehiaketa abiatu zuen ETSk, iaz. Udalak, bere aldetik, proiektua egokitzeko hausnarketa egin du, herritarren mugikortasuna erosoagoa izan dadin. Helburu horrekin pare bat aldaketa nagusi planteatu dizkiete, eta begi onez hartu dituzte.

Aldaketa horietako bat zubi berria motzagoa egitea da. 2010Ean planteatutako zubia Etxealdiatik Atalluko industria-gunera arte luzatzen zen, N-634 eta trenbideaz gain, Ingemarrera eta Santueneara doan errepidea ere gainetik pasatuz. Udalak motzagoa egitea planteatu die: Etxealdiatik abiatu eta N-634 errepidea eta trenbidea gaindituta, zubia Ingemar sarreraraino eramanda, Atallura iritsi gabe. Modu horretara, Santuenearen eta kaxkoaren arteko lotura zuzenagoa litzateke oinezkoentzat, inpaktu txikiagoa eragingo luke, eta merkeagoa litzateke. Batera zein bestera, oinezkoen segurtasuna erabat bermatuko da, trenbide-pasagunea ezabatuko baita, herriko puntu arriskutsu bat desagerraraziz.

Udalaren beste eskakizun bat izan da zubia eta geltokia bereizita egiteko aukera jasotzea proiektuak. Alegia, geltokia berritzeko obrak edozein arrazoi tarteko atzeratu beharko balituzte ere, zubi berria egiteko oztopo izan ez dadin.

Geltoki berria trenbide-pasagune hori dagoen inguruan egingo lukete. Kaxkotik zein Santueneatik joanda ere, zubitik sartuko lirateke erabiltzaileak geltokira, eta eskaileren edo igogailu baten bidez jaitsiko lirateke Donostiara edo Zarautza joateko nasetara. Nolabait, Errekaldeko geltokiaren antzeko egitura izango luke.

Proiektuaren berridazketa betean ari da Typsa. Idazten duenean, ETS-ren ardura izango da hori gauzatzea: bere aurrekontuetan jaso, eta obra exekutatzea, alegia. “ETSk zor historikoa du Usurbilekin: lehen ere egin zuten proiektua, eta tiraderan gordeta gelditu zen. Proiektu berridatzia gauzatu dadin lanean ari gara: espero dezagun ETSk emandako hitza betetzea”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.