Eduki publikatzailea

Etorkizuneko Pelaioenea eraikitzen hasteko abiapuntua, irailaren 19an

Kalezarko Pelaioenea bi proiekturen egoitza izan dadin nahi du udal-gobernuak: auzo-ekipamendua eta Emakumeen Etxea. Parte-hartze prozesu bana egingo dute, Elhuyarrek gidatuta. Aurreratu dutenez, irailean bertan hasiko dira Txokoaldeko Akerra birgaitzeko lanak.

2020·09·07


Kalezarko Pelaioenea eraikinaren etorkizuna eraikitzen hasteko unea iritsi da: irailaren 19an abiatuko da prozesua. Eraikin hori Kalezarko auzo-ekipamenduaren eta Emakumeen Etxearen egoitza izan dadin nahi du udal-gobernuak, eta, horretarako, parte-hartze prozesu bana bultzatuko dute, Elhuyarrek gidatuta. Kalezarko plazan bertan jarri dute hitzordua: hilaren 19an, 12:00etan. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Oxkar Santamaria Pikabea zinegotziak eta Naiara Arri Garcia Elhuyarreko kideak eman dituzte hitzorduaren nondik norakoak. Aurkezpena irekia izango den arren, izena ematea beharrezkoa izango da, edukiera kontuengatik, parekidetasuna1@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 71 10 telefonora deituta.

Solaberrietak gogoratu duenez, martxoan abiatzekoa zen, izatez, prozesua, Covid19ak eragindako konfinamendua agindu zuten egun berean. Orain, irailarekin, gaiari bide ematea erabaki dute. “Atzerapenak atzerapen, orduko gogo eta ilusio berarekin ekingo diogu, Pelaioenea birgaitu eta biziarazteko konpromiso irmoa baitugu”. Azken bi urteetan, Pelaioenea birgaitzeko hainbat lan egin dituzte: erortzeko arriskurik ez du orain, egitura sendotuta eta estalkia berrituta. Barrukoa egituratzea falta da, ordea, eta hori eraikinaren erabiltzaileek defini dezaten nahi du udal-gobernuak: “Pelaioeneak hartuko dituen proiektu sozialek zehaztuko dute aurrerago egin beharreko hirigintzako esku hartzea”. Batera abiatu eta elkar elikatuko duten bi parte-hartze prozesu egingo dituzte Kalezarko auzotarrek eta Emakumeen Etxearen erabiltzaileek: “Bientzat tokia dago, eta, gainera, proiektu osagarriak izan daitezkeela uste dugu”.

Emakumeen Etxearen inguruko azalpenak eman ditu Solaberrietak. Gogoratu duenez, aurreko legealditik dator proiektua, eta egungo udal-gobernuak ere bere egiten du: Legealdiko Planean jasota dagoen “proiektu garrantzitsuenetako bat” da Pelaioenea, haren esanetan. 2010ean Parekidetasun Saila sortu zenez geroztik udalak gizonen eta emakumeen berdintasunaren aldeko politikak garatzen egindako bide “luze eta emankorra” nabarmendu du Solaberrietak: azken Berdintasun Planak jasotzen zuen dagoeneko Emakumeen Etxea sortzeko beharra eta egitasmoa. Herriko emakumeen arteko elkar ezagutza, harremanak eta aliantzak sustatzeko modua izango da Emakumeen Etxea, eta haien beharrak identifikatuz eraiki nahi dute proiektua. “Usurbilgo emakumeentzako erreferentziazkoa izango den espazio bat sortu nahi dugu. Emakumeak ahalduntzeko espazioa: elkar ezagutu, topatu, zaindu, hausnartu, konspiratu, maitatu, eraiki eta burujabetzeko gunea, hain zuzen ere”.

Santamariak auzo-ekipamenduari buruz hitz egin du, udal-gobernuarentzat auzoek duten garrantzia nabarmenduz. “Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu. Auzo bizigarriak nahi ditugu: ez dugu kaxkoa eta auzoen arteko ezberdintasunak areagotzerik nahi. Auzoek ere nortasun, ezaugarri, behar eta errealitate propioak dituzte, eta horietan arreta jarri nahi dugu, auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”. Auzo-ekipamenduak eta Emakumeen Etxeak Kalezar bizigarriagoa izan dadin ahalbidetuko duela nabarmendu du. Kalezar, egun, aldaketa betean dago: “Bidegorria egin dugu aurten, Ugartondo eta Matiaren obrak martxan daude, eta, orain, etorkizuneko Pelaioenea eraikitzeko unea iritsi da”. Txokoalden Akerrarekin egin bezala, auzotarren beharrak aseko dituen udal-ekipamendua izango du Kalezarrek.

Santamariak, gainera, Akerrari buruzko azken berritasunak azaldu ditu. Tramite gutxi batzuk baino ez dira geratzen obrak hasteko. Aurreikuspenen arabera, irailean hasiko dira lanak, eta lau hilabete iraungo dute: Delsa Irun SL enpresari esleitu zaizkio lanak, 165.092,63 euroan. Eraikinaren egitura auzotarrekin iaz egindako parte hartze prozesu hartan erabaki zen, eta horren emaitza da Delsa Irun SL-k exekutatuko duen proiektua.

Elkar elikatuko duten bi prozesu

Elhuyarrek gidatuko dituen parte hartze prozesuen nondik norakoen berri eman du Arrik. “Aipatu duten bezala, elkarren eskutik joango diren partaidetzazko bi prozesuren bidez definitu nahi dugu Pelaioenearen etorkizuna. Prozesuak irailean abiatuko ditugu, eta lanerako berariazko bi gune bereizi izango ditugun arren, elkarren berri izan eta elkar elikatuko duten prozesuak izatea espero dugu”.

Emakumeen Etxearen prozesuaren bidez, proiektuak zein ezaugarri izango dituen zehaztuko dute: helburuak, filosofia, erabiltzaileak, espazioaren antolaketa, funtzionamendua, kudeaketa, eta abar. Horretarako, bost bilera egitea aurreikusi dute proiektuan interesa duten emakume usurbildarrekin: mugimendu feministako kideak, herriko elkarteetako partaideak, eta abar. Kalezarko prozesuari dagokionez, hiru bilera egingo dituzte auzotarrekin, euren beharrak identifikatu, behar horiek asetzeko espazioak definitu eta horien funtzionamendu eta kudeaketa zehazteko. Hilaren 19ko aurkezpenean emango dituzte prozesuen inguruko zehaztasun gehiago.