Eduki publikatzailea
Atzealdea Etorkizun hurbileko Usurbil
2022·11·11
Gaur egungo erronkak globalak badira ere, beharrezkoa da konponbidea tokian tokiko errealitate ekonomiko, sozial eta kulturaletik abiatuta aurkitzea.
Horretan ari da Usurbilgo Udala azken urteotan: erronka globalei tokiko erantzun komunitario propioak eraiki eta ikuspegi sistemikoz eman nahian, instituzio publikoaren eta herri eragileen lidergo konpartituaren pean, eraldaketa prozesuak behar duen gobernantza eredu kolaboratiboa jorratuz. Hor kokatzen da Usurbilgo HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra.
Gaur egun indarrean dauden 2004-2013ko Arau Subsidiarioak ordezkatuko dituen hirigintza-plana da HAPOa. Udalerriak etorkizunean izango duen antolamendua zehazteko oinarrizko tresna da, izan ere, udalerriko lurzoruen erabilerak arautzen ditu, eta, besteak beste, ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa edota ekipamenduen gaietan eragin zuzena du. Herri-proiektu bat definitzen du, funtsean.
Udala 2014ko maiatzean hasi zen plangintza orokorra berrikusten, eta, ordutik hona, hamaika azterlan eta dokumentu osatu eta onartu dira. Horretarako, herritarren parte-hartzea eta adostasuna bilatu dira egin diren urrats guztietan, eta nabarmentzekoak dira lur-jabe pribatuekin eta beste administrazioekin lortu diren hirigintza-hitzarmenak ere.
Hain justu, HAPOak tresna edo bitarteko bat izan nahi du denon artean eraikitako eta denontzako izango den Usurbil jasangarriagoa, inklusiboagoa, onuragarriagoa, eta bizigarriagoa bihurtzeko, euskara garapen komunitarioaren ardatz izango duena, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, herrikideak zainduko dituena, eta usurbildarren arteko berdintasuna eta justizia soziala izango duena aspirazio gisa.
Horregatik, egungo hiri-eredua zalantzan jartzen du esku artean dugun HAPOak, eta hirigintza eko-feministaren irizpideak eta begiradak geure eginez, gertutasunean eta ingurumenaren eta herritarren zain-tzan oinarrituriko herri ereduan sakontzen du. Gainera, jarduketa programaren bidez, herriaren beharren araberako programazioa ezarriko du, herria modu orekatuan eta ordenatuan hazi eta gara dadin.
Garrantzitsua da kontuan hartzea HAPOa ez dela plangintza autonomoa: ez da orri zuri baten gainean idazten hasi. Baldintzatzaile ugari ditu: besteak beste, udalaz gaindiko lurzoru- eta hirigintza-lege guztiak eta egun indarrean dauden arau subsidiarioek eragindako hirigintza-eskubideak.
Plan honek 15 urteko aldiari erantzuten dio. Berriki eman diogu hasierako onarpena: orain herritarrek alegazioak aurkezteko aukera dute, eta gainerako erakundeek ere badute zeresana. Prozesu administratibo luzea hasten da orain, eta gure aurreikuspena da bizpahiru urte barru sartzea indarrean, behin-betikoz onartu eta gero.
HAPOaren eduki eta proposamen nagusiak biltzen dituen aldizkaria etxez etxe banatuta, aurkezpenekin hasiko gara orain: zatoz etorkizun hurbileko Usurbil ezagutzera!