Eduki publikatzailea
Atzealdea Estitxu Berasategi eta Esther Arrojeria Donostiako Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariek botako dute aurtengo Santixabeletako txupinazoa
2019·05·23

Santixabeletako txupinazoa nork bota proposatzeko aukera izan dute herritarrek azken asteotan, eta atzoko jai-batzordearen bilkuran hartu zen erabakia. Guztira, 73 lagunek hartu dute parte izenak proposatzeko prozesuan eta 43 proposamen egin. Aukera horiek guztiak mahai gainean, gehiengoz erabaki zuten Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategi usurbildarrei ematea txupina botatzeko ohorea. Biak ala biak Donostiako Super Amara Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak dira, eta aurten ere denboraldi bikaina egin du taldeak, izan ere, besteak beste, Seigarren Erregina Kopa irabazi zuen apirilean. Jai-batzordeak bi emakume kirolari hauek egin duten ibilbidea, lana eta esfortzua saritu nahi izan ditu, eta emakumeon kirolari ikusgarritasuna eman.
Bestetik, jaietako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketa ere martxan izan da, eta, aurtengoan, lau lan aurkeztu dira. Asteon bildu da epaimahaia eta Irati Azkue oroitarrak aurkeztutako lana izan da irabazlea. 500 euroko saria jasoko du.
