Eduki publikatzailea
Atzealdea Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararekiko jarrera errotik aldatu izana erabat arbuiatu dute, osoko bilkuran
2022·04·01

Martxoko osoko bilkuran Sahararen inguruko mozio bat izan dute hizpide: EH Bilduk erregistratu zuen, EAJren ekarpenak aintzat hartuta, eta bi alderdien aldeko botoekin onartu dute; PSE-EEk aurka bozkatu du. Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana “erabat arbuiatu” dute mozioaren bidez.
Mozioaren bidez, hainbat eskakizun egin ditu udalbatzak. Besteak beste, Espainiari eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundean, EB Europako Batasunean eta gainerako nazioarteko erakundeetan modu aktiboan lagundu eta jardun dezala gatazkaren konponbidearen alde; eta, aldi berean, inplikatutako alde guztiei eskatzen die konpromisoa hartzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin (MINURSO) hitzartutako akordioak erabat errespetatuz. Hona eskaera guztiak:
- Usurbilgo Udalak bere kezka adierazi nahi du Espainiako Gobernuak babesa ematen diolako Marokoko Erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari, erabat arbuiatzen du Espainiako Gobernuko agintariek Mendebaldeko Saharako gatazka politikoaren inguruan jarrera errotik aldatu izana, historian inoiz ez bezala. Aldaketa honek esan nahi du Marokok Mendebaldeko Sahara erabat bereganatzeko dituen asmo eta anbizioekin bat egiten duela Espainiako Gobernuak.
- Espainiako Estatuak lotura historiko eta afektiboa duela Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan, eta, horregatik, Espainiako Gobernuari eskatzen dio Nazio Batuen Erakundean, EBn eta gainerako nazioarteko erakundeetan modu aktiboan lagundu eta jardun dezala gatazkaren konponbidearen alde, Nazioarteko Zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen arabera beti ere. Ildo horretan, Gobernuari eskatzen dio babestu ditzala Staffan de Mistura NBEko ordezkari aldeen arteko negoziazio-prozesu politikoari berriro ekiteko egindako ahaleginak eskatzen dio.
- Ezinbestekoa dela konponbide politiko justu, iraunkor eta elkarrekiko onargarri batetara iristea, Nazio Batuen Gutunaren printzipio eta asmoen esparruan, Nazio Batuen ebazpenekin bat etorriz, alde guztien erantzukizuna eskatuz, ikuspegi aldeaniztun eta eraikitzailea duen konponbidea helburu eta Saharako Herriaren borondatea askatasun osoz adierazteko eskubidea gauzatuz amaitu beharko litzatekeena.
- Mendebaldeko Sahararen auziari irtenbide politikoa ematea funtsezkoa dela adierazten du, Magrebeko herrialdeen arteko eskualde-lankidetzarako eta eskualdearen egonkortasuna, segurtasuna eta oparotasuna bermatzeko. Aldi berean inplikatutako alde guztiei eskatzen die uko egiteko probokaziozko edo indarrezko edozein ekintzari; eta konpromisoa hartzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesuarekin jarraitzeko, Mendebaldeko Saharan Erreferendumerako Nazio Batuen Misioarekin (MINURSO) hitzartutako akordioak erabat errespetatuz.
Mozioa, osorik: hemen.
