Eduki publikatzailea

Atzealdea Eskualdeko inklusio estrategia

2026ko urriko Udalberrin argitaratutako zutabea, Beterri-Buruntzako udalek mankomunitatearekin sinatutako hitzarmenaz, eskualdeko inklusio estrategia elkarrekin diseinatzeko.

2026·10·23


Azken asteotan komunikabideetako lehen lerroan kokatu da etxegabetasunaren eta gizarte bazterketaren gaia, arrazoi ezberdinengatik. Gai honen harira Donostiako alkateak inguruko herrietako alkateoi irailaren hasieran egin zigun bilerarako deiak ere oihartzuna izan zuen inguruko hedabideetan, Donostian kaleko afari solidarioak debekatu ostean. Bileran Donostiako alkateari argi adierazi genion bat egiten dugula etxegabetasunaren eta bazterkeriaren arazo larriari erantzuteko azterketa partekatuak erakundeen arteko koordinazioa eta gobernantza bateratua behar dela esaten duenean.

Izan ere, egoerak okerrera egin du modu nabarmenean. Gure herrian bertan baditugu kalean edo infraetxeetan bizi diren pertsonak edota okupatutako espazioetan bizi direnak. Etxegabetasunaren  errealitatea, ikusten ari garenez, fenomeno konplexua da, dimentsio anitzekoa eta oso aldakorra. Era askotako arrazoiek eragiten dute etxegabetasuna, hala nola etxebizitza eskuratzeko zailtasunek, diru-sarreren urritasunak, lan-merkatuan sartzeko oztopoek, osasun- eta gizarte-babeseko sistemetara heltzeko zailtasunek, sare sozial ahulek, migrazio-prozesuek, bakardadeak edota genero-desberdintasunak. Arazo estruktural bihurtzen ari da, eta, horrenbestez, gizarte erronka izugarria. 

Hala, erronka horri adarretatik heldu nahian, Beterri Buruntzako sei udalok (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalok) Beterri Buruntzako mankomunitatearekin lankidetza hitzarmen bat sinatu berri dugu, eskualdeko inklusio estrategia elkar harturik diseinatzeko. Halaber, jarduera hauek sustatuko ditugu: eskualdeko egoeraren inguruko hausnarketa partekatua egitea (dagoeneko egin duguna), lehentasun estrategikoak identifikatzea, etorkizuneko jarduera-ildo nagusiak proposatzea, gobernantza-eredu posibleak aztertzea, eta kanpo-finantzaketarako aukerak identifikatzea. Elkarlan honek ahalbidetu du, gainera, Europako Batasunak martxan jarritako diru-laguntza deialdi batera elkarrekin aurkeztea, bi milioi euroko finantzaketa lortzeko helburuarekin. Jakin badakigu lehen galbahea pasatu duela proiektuak, eta azaroan kaleratuko dute ebazpena. Dudarik gabe, kanpo finantzaketa hori eskuratzeak izugarrizko bultzada eragingo luke estrategiaren gauzapenean. Edonola ere, finantziazioa eskuratu ala ez, balioan jarri nahi dut sei udalok, mankomunitatearekin batera, hasitako bidea. Bide oparo on!