Eduki publikatzailea

Atzealdea Eskolako Agenda 2030: zelaiak, larreak eta “landare itsutasuna” aztergai

Aurten, Udarregi ikastolako LHko ikasleez gain, DBHko ikasleak ere ari dira parte hartzen Eskolako Agenda 2030 programan.

2022·02·18


Zelaiak, larreak eta “landare itsutasuna” dituzte aztergai, aurten, Eskolako Agenda 2030 programan. Udarregi ikastolako LHko ikasleez gain, DBHko ikasleak ere parte hartzen ari dira aurten, Artelatz Ingurumen Zerbitzuak eskaintzen duen materiala baliatuz. Ikastolako irakasleak ere formatu dituzte azken hilabeteetan, ondoren, ikasleekin aritu daitezen.

Iazko lan lerroari jarraituz, lehorreko ekosistemetako bizitza ari dira lantzen. Herriko belardiak ikertzen ari dira, bertako biodibertsitatea ezagutu eta belarrak baserrietan duen garrantziaz jabetzen. Hori guztia, “landare itsutasunari” aurre egiteko: “Oro har, espezieei buruz dugun ezjakintasunaz ari gara. Zuhaitz espezie batzuk ezagutzen ditugu, baina ez dugu larre eta zelaietan bizi diren landare eta loreen izenik ezagutzen”.