Eduki publikatzailea

Atzealdea Eskerrik asko, Usurbil

2022ko uztaileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Santixabelen itzuleraz.

2022·07·15


Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, ohiko ereduan, formatuan eta moldean itzuli dira Santixabelak, eta, orain, balorazioetarako unea da. Ohi bezala, izango da zer hobeturik, baina hitz gutxirekin laburbilduko nuke bost egunetan bizitutakoa: herri giro jator eta bikaina.

Ezer baino lehen, aipamen berezia egin nahi diet Udarregi ikastolako irakasle, ikasle eta jubilatuei festetarako telazko girlandekin dema-plaza hain dotore apaintzeagatik. Ekimena aparta izan da: belaunaldiarteko lankidetza, kultura eta ingurumenaren zaintza barnebiltzen dituen egitasmoa. Herri-kontzientzia eta jaiak uztarri berean. Ekimen xume baina garran-
tzitsu honek ondo baino hobeto islatzen du zerk egiten gaituen herri, zeintzuk diren herri honen nortasun-ikurrak, zein balorek ezaugarritzen duten Usurbil: elkarlana, herrigintzarako sena eta komunitatearekiko konpromisoa. Usurbilgo festen (eta ekimen ugariren) oinarrian daude.

Herritik eta herriarentzat. Gurean lelo hutsa baino askoz gehiago da, Usurbilgo festek duten izaera herritarren inplikazioari zor baitzaio. Horrexegatik, egunotan herria herriago izan da, eta usurbildarrok gure artean konplizeago. Kohesionatuago. Eta izaera horrek eragin du kaleak eta ikuskizun guztiak jendez lepo izatea, nola egunez hala gauez, eta dibertimendua eta bizi-poza arnastea txoko eta ordu guzietan. Errespetu handiz joan direla esango nuke. Liskar girorik gabe, disfrutatuz eta disfrutatzen utziz. Guk dakigula ez da sexu erasorik gertatu, eta hori lorpen sozial handia da, inguruko herrietatik egunero iristen zaizkigun albisteei erreparatuta.

Horregatik, zutabe hau baliatu nahi dut eskerrak emateko. Eskerrak eman nahi dizkiet herritar guztiei, izandako jarreragatik, eta, bereziki, antolatzen eta laguntzen aritu direnei. Beste bi aipamen berezi ere egin nahi ditut. Alde batetik, gazteen jarrera azpimarratu nahi dut. Izugarria izan da, beste behin ere, txosna eremuaren bueltan antolatutako egitarau zabala eta inklusiboa, eta festetako ikuskizun ezberdinetan izan duten parte-hartzea. Harro-
tzeko moduko gazte belaunaldiak ditugu gure herrian. Zorionekoak, gu! Gazteria emankor eta herrigilerik gabe, nekez izan dezake herri batek bere etorkizuna ziurtatuta. Beste alde batetik, zikiro-janeko antolatzaileak eta, batez ere, urte luzeetan zikiroa prestatzen aritu izan den kuadrilla hartu nahi dut ahotan. Zorionez, preso eta errepresaliaturik gabeko lehen Santixabelak izan dira aurtengoak, baina euskal presoen eskubideen aldeko aldarrian usurbildar andana elkartu gara aurten ere zikiroaren bueltan. Aurtengoa azkena dute Patxik, Romanek, Aitorrek, Juantxok, Joxeanek eta Joxe Ramonek: eskerrik asko 20 urte hauetan egin duzuen lanagatik, eta usurbildarrak hain goxo hartzeagatik. Seguru nago haria ez dela etengo, horretan ere herri-ekimen paregabea osatu delako zikiro-janaren bueltan. Bejondeizuela!