Albisteak
Atzealdea

Errotarrien Bidea, Usurbilgo lehenengo mendi ibilbidea

Errotarrien Bidea Andatzan urte luzetan garatu zen langintza ezagutzeko sortu dute: 8,7 kilometroko ibilbidean zehar errotarri eta harrobiak aurkituko ditu ibiltariak. San Estebandik Andatzara abiatuta berehala dago ibilbidearen inguruko panela: ibilbide zirkularra izanik, hasi eta buka leku berean egiten da. Orain artean topatutako errotarririk zaharrena eta txikiena Potxoenean jarri dute ikusgai.

2023·01·18


Usurbilgo Udalak Usurbilgo lehenengo mendi ibilbide homologatua aurkeztu du: Errotarrien Bidea (PR-GI 216). Azken urteotan Aranzadik Andatzan egindako aurkikuntzek agerian utzi dute langintza garrantzitsua izan zela errotarrigintza, eta, orain, hori ezagutarazteko helburuz sortu du Errotarrien bidea: San Estebandik Andatzara abiatuta, berehala aurkituko du ibiltariak Errotarrien Bidearen panela. Horrez gain, orain artean Andatzan topatutako errotarririk txikiena eta zaharrena Potxoenean jarri dute, ondare horren ezagutza are gehiago zabaltzeko helburuarekin.

Oria ibaiaren ertzetan betidanik izan dira errota ugari, eta etengabe behar izaten zituzten errotarriak lanerako, Ibon Goikoetxea udaleko Ingurumen teknikariak azaldu duenez. Harginek Andatza inguruan aurkitzen zituzten errotarriak egiteko aproposak ziren harriak: mendian bertan landu eta errotetara garraiatzen zituzten gero. Hala, Errotarrien Bideak ondare hori ezagutarazteko aukera ematea du helburu.

Errotarrien Bidea ibilbide zirkularra da: hala, hasi eta buka leku berean egiten da. Ibilbidea 8,7 kilometrokoa da, eta zailtasun maila errazekoa da, 549 metroko malda edo desnibelarekin. Andatzaren magala inguratzen du ibilbideak, eta bertan hainbat errotarri eta harrobi ikusteko aukera izango dute ibiltariek. Gelditu gabe, 3 ordu eta 25 minutuan egin daiteke, marra hori eta zuriak jarraituz. Udalaren eta 650 Usurbil Biziren webguneetan deskarga daiteke gps-etarako ibilbidea, eta laster Gipuzkoa Naturan eta Wikiloc webgunean jarriko dute.

Errotarririk zaharrena eta txikiena, Potxoenean

Errotarrien Bidearekin batera, Potxoenean jarritako errotarriaren inguruko azalpenak eman ditu Ainhoa Arrozpide zinegotziak. Andatzan topatutako errotarririk zaharrena eta txikiena da: zehazki, Zatiaundi errekaren ondoan topatu zuten. Aranzadik lagunduta, identifikazio fitxa bat jarri diote ondoan, QR kode batekin, errotarriaren ezaugarriak azaltzeko.

Errotarriaren tamaina da bere antzinatasunaren berri ematen duen lehenengo aztarna: izan ere, mendeek aurrera egin ahala, errotarri handiagoak egiten hasi ziren, erroten ekoizpena handitzeko helburuarekin. Zenbat eta txikiago, zaharragoak dira, beraz. Zatiaunditik berreskuratutako errotarriak, zehazki, 60 zentimetroko diametroa du. Errotarriaren materiala silizezko konglomeratua da, eta harriaren geologia Kretaziko Goikoa – Zenomaniarra da; Aranzadiren esanetan, litekeena da errotarri hori XV-XVI mende bitartekoa izatea.

Andatzako errotarri eta harrobiak.

Azken urteetan hainbat aurkikuntza egin dira Andatzan, Arrozpidek gogoratu duenez, eta horien ondorioz aurkeztu dituzte, gaur, Errotarrien Bidea eta Potxoeneko errotarria. Aranzadiko kide Joseba Alonsok eta Javi Castrok egin zituzten aurkikuntza horiek, Asier Agirresarobe usurbildarraren laguntzarekin. 2020an, azterlanaren berri eman zutenean, 24 harrobi eta 129 errotarri topatuak zituzten Andatzan, eta gehiago ere dokumentatu zituzten, gerora. Horrez gain, ehundik gora dokumentu ere topatu zituzten artxiboetan, besteak beste, 1389ko dokumentu historiko bat, Orreagaren eta Zizurkilen arteko epaiketa baten ebazpen-dokumentua, Andatzako lurren jabetzaren ingurukoa.

 

Udalak betidanik izan du herriko ondarea zaindu eta bultzatzeko bokazioa, Arrozpideren esanetan, eta horretan erakusgarri da, orain, 650 Usurbil Bizi proiektua. “Herrian daukagunari balioa aitortu eta ezagutaraztea dugu helburu, besteak beste”, nabarmendu du Arrozpidek. Errotarrien Bideak helburu hori bera du, hain zuzen. Gaineratu duenez, 2023an errotarrien inguruko liburuxka bat argitaratuko dute, bai paperean eta baita digitalki ere, udalaren zein 650 Usurbil Biziren webguneetan.