Eduki publikatzailea

Errespetua eta konfiantza

2020ko uztaileko Udalberrin argitaratutako zutabea, udalekuak ixteaz.

2020·07·30


Uztailaren 18a. Larunbata. 13:30. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren agerraldia telebistan. Azken egunotan hainbat herritan izan diren Covid19-aren agerraldiak direla-eta, hainbat neurri iragarri ditu: besteak beste, udalok antolatutako udalekuak bertan behera uztea, Eguneko Zentroak ixtea eta gazte lokalak ixtea.

14:30ean, Eudelen mezua: “OHAR URGENTEA / UDALEKUEN ITXIERA”. Mezuak halaxe dio, hitzez hitz: “Osasun Sailak hartutako erabakia jakinarazten zaizue non, Eudelen elkarteburuari komunikatu ondoren, udalei eskatzen zaien udalekuak ixteko.” Gutxira, antzeko mezuak zabaldu zituzten Eudelek eta Osakidetzak sare sozialetan.

Zur eta lur geratu nintzen. Harrituta. “Lehengo lepotik burua”, pentsatu nuen, haserre. Oso haserre: alarma garaiko eta konfinamendua arintzeko faseko kudeaketak bere horretan jarraitzen du: Espainiako Gobernuak / Eusko Jaurlaritzak erabaki, komunikabideen bidez jakinarazi, udalok nola edo hala kudeatu, eta, egun batzuetara, dekretua atera.

Kasu honetan, gainera, are larriagoa izan da dena: dekreturik atera ez, eta asteburuan agindua zena, bost egun geroa-go, uztailaren 22an, gomendio bihurtu zen. Hauxe dio egun horretan Eudelek helarazitako mezuak, hitzez hitz: “Erantsita bidaltzen dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak egindako eta Elkarte honi gaur helarazitako gomendioak”. Mezu horrek, panorama argitu ordez, are gehiago korapilatu eta nahastu zuen dena, izan ere, begi-bistakoa izan da emaitza: udalekuei dagokionez, herri guztietan ez da erabaki bera hartu.

Kudeaketa on eta zentzuzko batentzako tarterik gabe, ardura sozialetik, udalekuak bertan behera uztea erabaki genuen, beste behin ere inprobisatzen, eta jakinda familien kontziliazio eta behar emozionalak airean geratu zirela. Sentitzen dugu begirale, ume, familia eta kaltetu guztiengatik: denboraz jakin izan bagenu, asteburutik kanpo, eta gerora esan zuten modura gomendio bat zela, beste era batean kudeatu ahal izango genuke dena, familiekin adosten ahaleginduko ginateke, zer egin erabakitzeko.

Horregatik, ozen esan nahi dut: Ez da posible, ezin liteke! Hau ez da onargarria. Ezin da aurrena gauza bat esan eta gero beste gauza bat egin. Ezin dira halako erabakiak hartu udalak aintzat hartu gabe. Ezin dira halako erabakiak hartu zerbitzu hauek guztiak martxan jartzeko egin den lan guztiari erreparatu gabe. Martxan ditugun protokolo eta segurtasun neurriak ezagutu gabe. Alkate eta zinegotzioi, udal langileei, herriko elkarteei, arloko profesionalei, begiraleei, tokikoari, gertukoari, bizkar emanda ezin da aritu. Ezin da hainbesteko esfortzu, lan eta ilusioz, elkarlanetik, martxan jarri duguna egun batetik bestera ezerezean utzi. Ezin da halako osasun krisi sakon bat kudeatu autoritarismoz, bertikalismoz, aldebakartasunez eta komunikaziorik gabe.  Informazio zuzenik gabe.

Elkarlanean eta gardentasunez aritzeko garaia da hau, bakoitza bere eremu instituzionalean, baina denok batera, auzolanean. Udalok errespetua, aitortza eta konfiantza behar dugu.