Eduki publikatzailea
2021·09·15
Errekatxiki inguruan lehertu den ur zikinen hodia konponduko du udalak datozen egunetan: aurreikuspenen arabera, hurrengo astean iritsiko da hodi berria, eta eguraldiak ahalbidetu bezain pronto jarriko dute. Zenbait herritarrek kartel bat jarri dute bertan ur zikinen isurketez ohartaraziz, eta udalak, ezohiko isurketekin kezkatuta, ur zikinen hodiaren egoera aztertu du bideokamera bat pasatuta; hala ohartu da zati batean lehertuta dagoela. Udal-brigadak egingo ditu konponketa lanak. “Jakitun gara Aranerrekan ditugun isurketekin, eta horretan ari gara lanean azken hilabete hauetan. Arretaz irakurtzen ditugu herritarrek helarazitako kexak eta kezkak, eta haiek bezala, udala ere kezkatuta dago: gaia konpondu eta bideratzeko lanean ari gara”, nabarmendu du Lur Etxeberria zinegotziak.
Hormigoizko hodi handi bat zen lehertu dena, 64 metroko luzerakoa. Gaur egun, PVC materialarekin egin ohi dira, eta halakoa eskatu du udalak. Materiala eskuan, egun gutxian egin daiteke obra, baina eguraldiak baldintzatuko du.
Saneamenduari lotutako proiektuak
Udala arretaz ari da jarraitzen herriko saneamendua, bere osotasunean, baina maiatzean aurreratu bezala, Kalezarkoa da bereziki jarraitzen ari den guneetako bat. Batetik, Matia Kalezarren egiten ari den obrak aprobetxatuko ditu udalak zati horren saneamendua hobetzeko [Kalezarren erdigunetik N634 aldera gelditzen den zatian]: euri urak eta ur zikinak batera jaso izan dira Ugaldean, eta hori bereizteko obra egingo du udalak. Infolurrek jada idatzi du proiektu hori, baita udalaren eskura jarri ere: obrak 134.000 euroko kostua du, eta 2022ko aurrekontuetan islatzeko asmoa du udal-gobernuak. Bestetik, Kalezarren erdigunetik Aranerrekarako zatian, euri urak eta ur zikinak bereizi gabeko bost puntu zituen identifikatuta, etxebizitza partikularrenak direnak: horietako bi konponduta daude dagoeneko, eta beste hiruek hori bideratzeko aurrekontuak eskatuak dituzte.
Aginagako saneamendua hobetzeko proiektua idazteko eskatua dio udalak Injelani, euri urak eta ur zikinak Añarbek eta Euskal Ur Agentziak Aginagan egingo duten kolektore nagusira bereizita bideratzeko.