Eduki publikatzailea

Atzealdea Errebotearen Eguna egingo dute, irailaren 27an eta 28an, Zubietan

Errebote jokoaz gozarazteko ez ezik, gehiago ezagutzeko aukera eskainiko da, ikus-entzunezko baten proiekzioarekin eta partida komentatuekin, besteak beste.

2025·09·12


Errebotearen Eguna egingo dute, irailaren 27an eta 28an, Zubietan. Eragile askoren arteko elkarlana du oinarrian, eta elkarrekin aurkeztu dute egitaraua: 650 Usurbil Bizi, Zubieta Pilota Elkartea, Donostiako eta Usurbilgo udalak eta Zubietako Herri Batzarrak. Errebote jokoaz gozarazteko ez ezik, kirola bera hobeto ezagutzeko aukera eskaintzeko egitaraua prestatu dute.

650 Usurbil Bizi turismo proiektuak bestelako turismo eredu bat proposatzen du, herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza antolatuz, Ines Azpiazu dinamizatzaileak gogoratu duenez. Horrekin bat dator, zentzu horretan, Zubietako Errebote Eguna ere: “Beste gauza askoren artean, Zubietak berezko ezaugarri du errebotea, eta duen balioa aitortu eta ezagutarazteak bete-betean egiten du bat 650 Usurbil Biziren filosofiarekin”. Plaza bera altxor bat izateaz gainera, errebotea bizirik dago zubietarren eskutik: “Euskal Herriko pilota jokoen artean zaharrenetakoa da, nahiz eta, agian, ez izan ezagunena. Hain zuzen ere, erreboteaz gozarazteaz gain, kirol hori hobeto ezagutzeko aukera emango digu Errebote Egunak”.

Errebote Eguna “omenaldi bat” izango da, Mikel Bengoetxea Zubieta pilota elkarteko kidearen esanetan. Kirolak Zubietan izan duen bilakaera gogoratu du: “Sustrai sakonak dituen kirola dugu, 1936ko gerrak eten bazuen ere”. Esker hitzak izan ditu, zentzu horretan, 1950eko hamarkadan, Aizpurua baserrian saski zahar batzuk aurkitu zituztenei: “Ez zituzten objektu ahaztu gisa ikusi, berreskuratu beharreko zerbaiten sinbolo gisa baizik. Haien jakin-minari eta ahaleginari esker, errebotea berriz jaio zen gure komunitatean”.

Azaldu duenez, Joko Garbi elkarteak mantendu zuen errebotea bizirik urte luzez, Zubieta Pilota elkarteak lekukoa hartu zion arte, eta ondare immaterial gisa aitortua izan dadin defendatu du: “Errebotea Zubietaren parte da: gure kaleetan dago, gure jaiegunetan, gure oroimen kolektiboan. Bizitza ulertzeko modu bat da, ahalegina, komunitatea. Guk babesten ez badugu, nork babestuko du?”.

Eneko Goia Donostiako alkateak ekimena txalotu du, “oso gurea den kirol bat mundura zabaltzeko egiten den saio honetan”. Zentzu horretan, errebotearen alde lanean dihardutenak eskertu ditu Goiak; Zubieta Pilota Elkartea, Zubietako Herri Batzarra eta Usurbilgo Udala: "Hemen elkartzen gaituen zerbait dugu, eta hori garrantzitsua da, beste gauza askoren gainetik". Errebotea zaindu beharreko ondaretzat du Goiak, eta Donostiako Udalaren babesa adierazi du: "Donostiako Udalak Zubieta berea sentitzen duelako ere bai, bidelagun izango gaituzue".

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, 650 Usurbil Bizi proiektuaren bidez, Usurbil ezberdinak ezagutzeko aukera sustatzen da, hala nola, Usurbil museo irekia, Sagardoaren Usurbil, Zaintzaren Usurbil, Memoria Historikoaren Usurbil Zero Zabor Usurbil... “Zubietaren, eta, ondorioz, baita Usurbilen bereizgarri eta nortasunaren parte den Errebotea ezagutzeko aukera ematera goaz orain”. Hori egin ahal izateko herriko taldeekin eraikitako elkarlan dinamikak ezinbestekoak dira, Solaberrietaren esanetan: “Zer erakutsi nahi den bezain inportantea delako nola erakutsi nahi den, zeinen artean osatzen den errelatoa, mezua eta eskaintza, eta gaur aurkeztu dugun proiektuaren muinean ere hori badago, gaurko argazkiak erakusten duen bezala”.

Erreboteak herria bizirik mantentzeko aukera eskaintzen du, Zubietako alkate Jon Arroyoren esanetan, eta nazio ikuspegia indartu zein nazio gisa lehiatzeko aukera ere ematen du, “Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanak sendotuz eta mugaren bi aldeak elkartuz”. Erreboteak aurrera egiteko konpromisoa eta laguntza galdegin dizkie Arroyok Donostiako zein Usurbilgo udalei, eta eskerrak eman dizkio pilota elkarteari errebotea bizirik mantentzeko egiten duten lanagatik.

EGITARAUA

Irailaren 27a, larunbata

  • 16:30: gazteen joko garbi partida.
  • Bukatutakoan, xextoak probatzeko eta jolasteko aukera irekia.
  • 18:00: karta-jokoen saioa, Dani Carballok diseinatutako pilotari buruzko kartekin.
  • 19:00: afari-merienda, Ane eta Alazne trikitilariek alaituta
  • 20:00: Zubietako Herri Eskolakoek erreboteari eskainitako totemaren aurkezpena.
  • 21:00: “ERREBOTEA. Plaza-joko baten muina” bideoaren proiekzioa.

Irailaren 28a, igandea

  • 09:00etatik aurrera, “Enrike Abril” txapelketako bi partida:
    • ZUBIETA 1 vs LUZEAN
    • ZUBIETA 2 vs ZAHARRER SEGI

Partidak ikustean aukera izango da bertatik bertarako azalpenak jasotzeko, ikusleen artean horretan arituko direnen ahotik