Eduki publikatzailea
Atzealdea Erraustegiaren aurkako mozioa eta manifestazio deialdia onartu dituzte osoko bilkuran, EH Bilduren botoekin
2019·11·28
Usurbilgo EH Bilduk “urgentziazko mozioa” aurkeztu du ohiko osoko bilkuran, Zubietako erraustegiaren probaldi fasea abiatu duten egunean. “Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu duen egun berean jarri dute probaldi fasean Zubietako errauste-plana. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Tamalez, gaurkoa egun beltza eta tristea da, usurbildarrontzat. Zubieta gainetik egun osoan zehar ikusi dugun ke etengabea da horren adierazgarri”, nabarmendu dute.
Erraustegiaren aurkako mozioa onartu dute EH Bilduren aldeko botoekin; EAJk eta PSEk aurka bozkatu dute. Hala, manifestazioa deituko du Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako: 19:00etan izango da, udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardiaren plazatik abiatuta. Horrez gain, Gipuzkoako ahaldun nagusiari bilera bat eskatuko zaio, eta Usurbilgo alkatea Gipuzkoako alkate guztiekin jarriko da harremanetan gutun bidez, usurbildarren kezkak eta beldurrak helarazteko, batetik, eta haienganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera ager dezaten. Xingola beltz handi bat jarriko da, halaber, udaletxeko balkoitik, eta gauza bera egin dezaten eskatu zaie herritarrei.
“Kezkak eraginda”, mozio horretan hainbat eskakizun egin dizkio EH Bilduk osoko bilkurari:
1) “Erraustegiak usurbildarroi eragin digun kezkaz eta erraustegiak herritarren osasunean eragin dezakeenaz hitz egiteko, Gipuzkoako ahaldun nagusiari biltzeko eskaera luzatzea.
2) Alkateari eskatzea Gipuzkoako alkate guztiei eskutitza bidal diezaiela, non usurbildarron kezka eta beldurra adieraziko zaien, eta usurbildarronganako konpromisozko eta elkartasunezko jarrera eskatuko zaien.
3) Usurbilgo udaletxeko balkoian xingola beltz erraldoi bat zintzilikatzea, protesta modura. Halaber, usurbildar guztiei gauza bera egiteko deia luzatzen diegu.
4) Usurbilgo Udalak dei egiten die usurbildar guztiei abenduaren 13rako antolatuko duen manifestazioan parte hartzera: 19:00etan, Joxe Martin Sagardiaren plazan”.
Gaur bertan Usurbilgo kaxkotik ikusi den irudi bat eraman du EH Bilduk osoko bilkurara, zeinean erraustegitik ke zuria ateratzen ikusten zen. EAJtik, hasieran, argazki horretan ageri dena zer den ez dakitela esan dute. Probaldi fasearen hasiera gaurko iragarria zela argitu, eta argazkia hartuta, kezka eragiten ote dien galdetu die Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak oposizioko kideei, eta erantzuna baiezkoa izan da. Horren aurrean udalak zerbait egin beharko lukeen galdetuta, ez da erantzunik izan. EAJ, bere aldetik, kexu agertu da mozioa goizago ez aurkezteagatik.
Testua osorik, PDF formatuan.