Eduki publikatzailea

Atzealdea Erraustegia eta osasuna

2025eko urtarrileko Udalberrin argitaratutako zutabea, Zubietako erraustegiaren inguruan BioGipuzkoak egindako txostenaren harira.

2025·01·23


Zubietako errauste-plantaren inguruko ikerketa egin du BioGipuzkoak: pasa den maiatzean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin agerraldian adierazi zuen erraustegiak ez diola eragin bizilagunen osasunari. Ez, behintzat, epe laburreko eraginik, eta gomendioa egin zuen ikertzen jarraitzeko. Ez dut ukatuko gustura irakurri ez nuenik aipatu titularra, azken batean errauste-plantak kezka izugarria sortzen didalako, eta kezka horrek badu alderdi beldurgarri eta lazgarri bat: osasuna. Izan ere, ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste-plantaren osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. GuraSOS -ek eta Anerrekak batzar publikoan datuok eragindako kezka adierazi zuten.

Ikusi ahal izan dudanez, BioGipuzkoak ikerketa-lerro ezberdinak abiatu ditu, eta, horien artean, kutsadura atmosferikoa, inguruko bizilagunen adierazle biologiko batzuk, eta lurzoruaren, esnearen eta arrautzen laginak aztertu dituzte.

Txostenok irakurtzen aritu naiz, eta, Usurbilez ari garelarik, badira kezkatu nauten datuak, adierazle biologikoen txostenean topatu ditudanak. Dioxinen, furanoen, dl-PCBen baturari eta dioxina motako konposatu guztien baturari dagokionez, aztertu dituzten herrien artean alde esanguratsurik ez dagoela ondorioztatu dute errauste-planta martxan jarri aurretik eta ondorengo urteen artean. Haatik, Usurbilen badela alderik diote 52. orrialdean, 26. taulako datuetan oinarrituta: dioxina eta PCB-en “handitze esanguratsua” atzeman dute laginak jaso dituzten usurbildar guztien artean: bataz besteko balioa 3.20 pgTEQ/g igo da (1.16 pgTEQ/g dioxinetan eta 2.04 pgTEQ/g dl-PCBetan), eta horrek %36,25eko gehikuntza dakar dioxinen kasuan eta % 63,75ekoa dl-PCBen kasuan. Hau da, dioxinen kontzentrazioa %40 hazi dela 2019-23 artean. 35. eta 38. tauletan ere dioxina, furano eta PCBak gora egin dutela adierazten da.

Datuok eskutan, nire kezka apaldu baino, areagotu egin da, eta datuon inguruko analisi eta azterketa zehatzagoa jaso nahiko nuke. Datuok erakusten dute ezinbestekoa dela hurrengo urteetan ere ildo bereko ikerketak jarraitzeko, eta halakorik egingo ote duten jakin nahiko nuke. Horregatik, egoerarekin kezkatuta, bilerak eskatu dizkiet BioGipuzkoari, Gipuzkoako Aldundiari eta Osasun Publikoko arduradunei.