Eduki publikatzailea
Atzealdea Errauste-planta vs gardentasuna
2020·12·30
Zubietako erraustegia abenduaren 11tik behin betikoz martxan dagoela iragarri berri digute Markel Olano ahaldun nagusiak eta Jose Ignazio Asensio Ingurumen diputatuak, egun horretan erraustegira egin bisitan. Alabaina, azken hilabete luzeetan Zubietako errauste-plantaren inguruan argitara ematen ari diren hainbat informazio oso-oso larriak dira. Atzera begira jarri eta hemerotekako lanak egiten aritu naiz. Hona errepaso laburra:
- 2019ko udazkenean jakin genuen erraustegiko transformadore nagusian leherketa bat izan zela ekainaren 11n. Horren berri erraustegiko langile batek eta GuraSOSek eman zuten. GHK erraustegia balorizatzeko arazoak zituztela esatera mugatu zen. Transformadorea eraiki eta martxan jarri zuten beharrezko industriaren baimenik gabe. Arrazoi horrengatik, 2020ko otsailaren 24ean 30.000€-ko bi isun jarri zizkieten, istripua frogatutzat jo eta ezkutatzeagatik.
- 2020ko maiatzean Zubietako Arkaitzarrekan ehunka arrain hilik topatu zituzten zubietarrek, eta kutsadura hori errauste-plantak eragin zuela salatu genuen lehen unetik. GHK-k lehenik ukatu egin zuen, baina Usurbilgo Udalak egindako azterketan amonio kontzentrazio handia atzeman zela-eta, aitortu egin behar izan zuten amonio isurketa izan zela. Fiskaltza eta Guardia Zibila lau arduradun ikertzen ari dira, ingurumen delitu bat egin ote zuten argitzeko.
- 2020ko irailean GuraSOSek ohartarazi zuen Jaurlaritzak 2016ko apirilean errauste-plantari emandako Ingurumen Baimen Bateratua iraungita zegoela eta ezin ziotela berritu, besteak beste, beste transformadore batek akatsak zituelako.
- 2020ko abenduan jakin dugu, GuraSOSek argitara emandako hainbat agiriri esker, erraustegiak ez duela Jaurlaritzaren baimenik energia elektrikoa ekoizteko. Izan ere, sare elektrikoan energia sartu ahal izateko, ezinbestekoa da ekoizpen elektrikoko administrazio erregistroan inskribatuta egotea, eta gaur-gaurkoz ez dago.
- GuraSOSek fiskaltzara jo du Zubietako erraustegian atzemandako irregulartasunak argitzeko.
- 2020ko abenduaren 15ean GHK-k Bizkaiko Aldundiarekin duen hondakinak bidaltzen jarraitzeko hitzarmena luzatzea erabaki zuen, ezohiko batzarrean. Erraustegia martxan badago, zergatik? Batzar berean beste erabaki bat ere hartu zuten: erraustegiak urte honetan egingo duen 20 eguneko jardunagatik (abenduaren 11n martxan jarrita), enpresa pribatuari 23 milioitik gora ordaintzea. Ezin da onartu 20 eguneko jardunagatik urte osoa ordaintzea. Eta hemen ere gardentasun falta salatu behar da, ez baitakigu zer sinatu den enpresarekin, tamaina horretako ordainketa egin behar izateko. Zur eta lur nago. Sinistu ezinda.
Ikuspegi demokratikotik eta gardentasunaren izenean, eguna joan eta eguna etorri ikusi eta entzuten ari garen guztia aintzat hartuz, erraustegia gelditu eta moratoria aplikatu beharko litzaioke. Jose Ignacio Asensio bera Batzar Nagusietan izan zen lehengo astean, oposizioak eskatuta, eta ez du agiri bakar bat ere aurkeztu, publiko egin diren salaketak eta informazio larriak gezurtatzeko. Benetan kezkagarria da azpiegitura honen inguruan daukagun gardentasun falta. Arduradun publikoek azalpenak eman behar dituzte hemen gertatzen ari den guztiaren inguruan. Usurbildarrok ez dugu merezi ezkutukerian ibiltzerik. Hondakinen kudeaketa esku pribatuetan uzteak ez du esan nahi bere jarraipena eta kontrol zorrotza albo batera uzterik dagoenik. Horrek behar luke kudeatzaile eta arduradun publiko baten lehen egitekoa eta betebeharra.