Eduki publikatzailea
Atzealdea Erosketa bonuen erdiak saldu dira dagoeneko Gertuago.eus webgunearen bidez
2020·06·08
Konfinamenduaren ondorioz itxita egon diren merkatari eta zerbitzuei laguntzeko sortutako erosketa bonuek harrera aparta izan dute herritarren aldetik: webgunea martxan jarri zenetik lau egun baino ez dira pasatu, eta dagoeneko ia 30.000 eurorainoko salmentak izan dira. Aste honen erdialdera iritsiko zaizkie transferentziak: kopuru horretatik 23.500 euro inguru herritarrek egindako erosketen bidez lortutakoa izango da, eta udalak ia 5.900 euro gehiago bideratuko ditu, herritarrek jasotako %20ko deskontuaren adierazle.
Lehenengo egunean bertan nabaritu zen gertuago.eus webguneak izan duen harrera ona, 15.500 euro baino gehiago saldu baitziren, eta hurrengo hiru egunetan ia erdira iritsi dira salmentak.
Herriko 30 establezimendu izan dira gertuago.eus atarian bonuak saltzera animatu direnak, eta udalaren kalkuluen arabera, merkatariek 2.000 euroraino arteko sarrerak edukitzeko aukera dute webgunearen bidez. Horietatik 1.600 euro herritarrek bonuen bidez jarriko lituzkete, eta gainerako 400 euroak udalak, deskontuak bere gain hartuta. Establezimendu guztiek bonu guztiak saltzea lortuko balute, 60.000 euro batuko lituzkete guztien artean, eta lehenengo lau egunetan ia 30.000 euroraino iritsi da bonuen salmenta.