Albisteak
Atzealdea

Erlojuaren inguruko erakusketa Sutegin, elizako dorrera itzuli aurretik

Usurbilgo elizako erlojua zaharberritu dute: elizako dorrean berriz jarri aurretik, erlojua bera erakutsiko dute Sutegin jarriko duten erakusketan, erlojuaren historia azaltzeaz gain.

2020·07·01


Erlojua jatorrizko kokalekura iristeko puntuan dago: elizako dorrera. Duela lau bat urte kendu zuten elizako dorretik, auzolanean zaharberritzeko asmoz, eta horren ordezko sistema bat jarri zuten, zaharberritu bitartean funtzionatzen jarraitu zezan. Erloj-Eruak lagun taldeak eta udalak hitzarmen bat sinatu zuten lan hori gauzatzeko, 2017an, eta haiekin batera aritu dira elkarlanean Yeregui Elkartea, Salbatore parrokia eta Usurbilgo Lanbide Eskola. Zaharberritu dute dagoeneko, baina elizako dorrean berriz finkatu aurretik erakusgai jarriko dute Sutegiko erakusketa gelan, uztailaren 1etik 19ra bitartean (18:00etatik 20:00etara): erlojua ez ezik, erlojuaren historia azalduko duten panelak eta ikus-entzunezko bat jarriko dituzte ikusgai.

Izan ere, historia handikoa da erloju hori, herriarekin duen gertutasunagatik. Benito Yeregui Goldarazenak egin zuen, eta 1912.urtean muntatu zuen elizako dorrean. Tradizio luzeko errementari-erlojugileen familiakoa zen Benito. Bidea zabaltzen lehena Francisco Yeregui izan zen, 1760an Leitzan jaioa: hark egina da Beteluko San Pedro elizako erlojua, 1796an. Ordutik, bost belaunaldik jarraitu zuten langintza horretan: Benito, hirugarren belaunaldikoa izan zen. Benito 1843an jaio zen, Betelun (Nafarroa). 1872an Aginagara joan zen bizitzera, Martina Manterolarekin ezkonduta, eta Ezpaldi Berriko sutegian jarraitu zuen errementari-erlojugile lanetan. Erloju guztiei jarri zien zenbaki bat: Usurbilgoak 80a darama, eta egin zuen azkenekoa izan zela uste da.

Benitok eraikitako erloju gehienak Ezpaldi Berriko sutegian egin zituen, eta halaxe adierazten zuen erlojuen identifikazio plaketan: “construido en Aguinaga de Usurbil”. 1907. urte inguruan Zumaiara lekualdatu zen, eta 1910ean Benito Yeregui e Hijos enpresa sortu zuen, bere seme zaharrenarekin batera, Calixto Yereguirekin. Han egin zuen Usurbilgo elizako erlojua, eta Morez bezala izendatu zuten.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, herriko ondarea zaindu, berreskuratu eta balorean jartzea da udalaren xede nagusietako bat: “Kultur ondarearen sorburuetan arakatu, gure aurreko belaunaldiak, izen-abizenez ezagutu, euren langintzen berri izan eta horren berri eman, ondorengo belaunaldiok ezagut dezagun”. Horrez gain, erlojua elkarlanean zaharberritu izana goraipatu du: “Hori gabe, nekez egin zitekeen. Bestelako balio batzuk nagusitzen ari diren gizarte eta gobernantza ereduen aurrean, elkarlanaren, lankidetzaren, eta auzolanaren apologia egin nahi dut, nekez eraiki baitateke komunitatea komunitaterik gabe”.

Izan ere, erlojua, “herriak duen altxorra” den heinean, auzolanean berreskuratzea izan da proiektuaren helburua, eta horretarako hitzarmena sinatu zuten udalak eta Erloj-Eruak taldeak. Erlojua elizako dorretik jaitsi, garbitu eta zaharberritu egin dute, eta, orain, erloju-gela berrira igo eta martxan jarri aurretik, herritarrek bertatik bertara ikusteko aukera izan dezaten nahi dute. Taldekideek nabarmendu dutenez, hemendik aurrera, Usurbilgo arte ondarearen parte izango da erlojua bera ere.

Zaharberritzean parte hartu duten norbanako eta eragileak:

  • Erloj-Eruak: Juan Mari Agote, Ramon Alkorta, Karmele Arizmendi, Joan Luis Atxega, Jexux Beloki, Pello Hernandez, Iñaki Mujika eta Jexux Pagola.
  • Yeregui Elkartea: Xabier Alvarez Yeregui, Begoña Arruti, Joan Mari Elosua eta Tomas Bergara.
  • Laguntzaileak: Usurbilgo Udala, Salbatore Parrokia, Urdaintzi Eraikuntzak, Juantxo Burdindegia, Martxelo Garraioak, Botaleku Zurdindegia, Berriola eta Haratago.