Eduki publikatzailea

Atzealdea Eraikitzen, burujabetzen, ‘Usurbiltzen’

Legealdirako konpromisoak eta konpromiso horiek betetzeko 130 neurri barne hartzen ditu Legealdiko Planak, hurrengo lau urteetan bakoitza noiz egin asmo duten zehaztuta. Hori guztia, 'Usurbiltzen' lelopean: "herria elkarrekin eraikitzera" gonbidatu dituzte herritarrak.

2020·02·05


Legealdiko lau urteetan ardatz izango dituen konpromisoak eta horiek lortzeko egin asmo dituen 130 neurri bildu ditu udal-gobernu berriak Legealdiko Planean: urtarrilaren 31n aurkeztu zieten herritarrei, Sutegin. Usurbiltzen lelopean egingo dituzte horiek guztiak, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez: "Udal-gobernuak egiten dituen lan guztiek helburu bakar bat dute, Usurbil eraikitzea. Hori adierazteko, gure herriaren izenetik abiatuta aditz bat sortu dugu: usurbiltzen". Neurri horiek guztiak ageri diren webgune bat ere egin dute, usurbiltzen.eus: une oro, bakoitza zertan den kontsultatu ahal izango dute herritarrek.

Lelo berriak badu beste esanahi bat ere: izan ere, 2021ean 650 urte beteko dira Usurbil Donostiatik bereizi zenetik. Zentzu horretan, burujabetzaren aldarri bat ere egin nahi dute, Solaberrietaren esanetan: "Usurbil bereizten duten ezaugarrietan sakonduz, izaera propioa aldarrikatuz".

Herri-nortasuna

Usurbilgo "herri-nortasunaren ikur" diren balioak "zaintzeko eta indartzeko" 43 neurri berri proposatu ditu udal-gobernuak. Emakumeen Etxea sortzea eta maskulinitate eredu berriak lantzea izango dira emakumeen ahalduntzea bultzatzeko eta haiek libre biziko diren eta aukera-berdintasuna bermatuko dien herria eraikitzeko neurrietako bi. Herritar guztien arteko elkarbizitzari beha, aniztasunaren diagnosia eta plana egin asmo dituzte. Herri-auzoei lotutako hamabost neurri bildu dituzte planean: jada abiatuta daude, esaterako, Aginagako kaxkoa oinezko bihurtzeko proposamenaren lanketa eta Txokoalden auzotarrentzako izango den ekipamendu publiko bat sortzeko lanak. Baina, horrez gain, gainerako auzoetako herritarrekin ere saioak egin nahi dira, auzoak bizigarriak izan daitezen zein behar dituzten identifikatzeko. Herritarrek Usurbilgo euskaltegian ikas dezaten bultzatzea edo Hitza Jasoz ahozko ondarea jasotzeko proiektuarekin jarraitzea izango dira euskaraz eta ele anitzez biziko den herria sustatzeko neurrietako bi. Horrez gain, udalaren harremanak euskaraz egin daitezen bermatzeko neurriak hartuko dituzte.

Herri jasangarria

Ingurumenarekin harmonian bizi ahal izateko beste 51 neurri proposatu ditu udal-gobernuak. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra hasieraz onartzea izango da horietako bat: udal-gobernuak hurrengo 10-15 urteetarako zein ikuskera duen jasotzen da. "Hirigintza jasangarria bultzatzea, espazioen berrerabilera hobestea, genero-ikuspegiaren lanketa eta euskara bermatzea" izango dituzte ardatz. Mugikortasun jasangarriaren bidean, bidegorrien plana gauzatzea, Askatasuna plazan autobus geltoki berria egitea, puntu beltzei irtenbidea ematea dagokien erakundeekin, eta oinezkoei lehentasuna ematea, erdigunea oinezko bihurtuz: udaletxe ingurua, Bordatxo biribilgunea eta Artzabal eta Mikel Laboa plazaren arteko kalea. Klima aldaketari aurre egiteko, trantsizio energetikoa "ezinbestekotzat" jota, energia mahai bat eratu eta plangintza bat egingo du udalak. Udalerriko argiteriaren azterketa orokorra egin eta urtez urte hobetzeko plan bat idatziko dute. Kutsadura murrizte aldera, airearen kalitatea neurtzen jarraituko du, eta ibai eta erreken inguruko hobekuntzak landu. Usurbil 0.0. programa garatzeko helburua-rekin, errauste-planta geratzeko lan-ildoarekin jarraituko du udalak, baita gaikako bilketa hobetzen jarraitzeko modu berriak bilatzen ere. Uraren kudeaketa hobetzeko neurriez gain, natura-guneak babestu eta sustatu nahi dituzte, baita elikadura burujabetzaren norabidean urratsak egin ere, esaterako, bertako ekoizleen ekoizpena merkaturatuz eta lehen sektorean aritzeko baldintza administratiboak hobetuz.

Ongizartea

Herritarrak ongi bizitzeko, "osasuntsu, zoriontsu eta duintasunez", beste 24 neurri proposatu dituzte. Tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko, esaterako, herriko merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plana eguneratuko dute. Horrez gain, tokiko garapenaren inguruko hausnarketa egin eta eredu bat definituko dute, ekonomia sozial eraldatzailearen norabidean. Gizarte politikei dagokienez, gizarte bazterketari aurre egiteko, Gizarte Larrialdietarako Laguntza propioen udal-araudia osatuko dute, dirulaguntza propioen poltsa sortuz, herrian sor daitezkeen beharrei erantzuteko. Zahartze aktiboa eta bizi-baldintza duinak bermatzeko, besteak beste, udala, Matia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lantzen ari den hitzarmen sozialean jasotzen diren lan-ildoei
helduko diete Kalezarko etxebizitza zaintzadunen auzunearen bidez. Herritarren premiei erantzungo dien etxebizitza politikak garatzeko, besteak beste, Txirikorda gauzatu eta alokairua sustatuko dituzte; alokairu sozialera bideratzen diren etxebizitzen esleipen eredua aldatzea ere aurreikusi dute, udal erregistroa osatuz. Jarduera fisikoaren eta kirolaren plan integrala osatze aldera, kirolerako mahai eragile bat sortuko dute, eta herriko kirol diagnosia egin, kirol azpiegiturak hobetzen jarraitzeaz gainera.

Udala, herriaren zerbitzura

Neurri horiek guztiak gauzatu ahal izateko, udalak herriaren zerbitzura jardun behar du, "elkarlanean eta herrigintzan": bederatzi neurri proposatu dituzte horretarako. "Herritarrekin, komunitatean lan egitea da gure asmoa". Parte-hartzean eta eredu demokratikoan sakonduko duen gobernantza eredua sustatzeko, auzoen eta udalaren arteko harremana artikulatzeko eta iraunkortzeko egitasmoak sustatuko dituzte, parte hartze prozesuak eginez. Udal-politiketan genero ikuspegia txertatzeko programa bat landu eta garatuko dute, esaterako, aurrekontuak genero-ikuspegiarekin landuta. Legealdiko erronka handienetako bat udalaren berrantolaketa izango da. Herritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintze aldera, hainbat neurri aurreikusi dituzte: administrazio elektronikoaren norabidean urratsak egitea, artxibo sistema berria sortzea, udaletxea berritzea, kalitatezko enplegu publikoak sortzea eta langileei lanerako prestakuntza eta formazioa eskaintzea, besteak beste.

 

Urtarrilaren 31ko ekitaldia

Dozenaka lagunen aurrean aurkeztu zuten Legealdiko Plana udal-gobernuko kideek. Plana labur-labur azaltzen duen bideo bat erakutsi zuten, eta Lur Etxeberria eta Luken Arkarazo zinegotziek bertso musikatu bat abestu zuten, ekitaldirako propio sortutakoa. Goretti Aranburuk mural eder bat egin zuen, aurkezpenak iraun bitartean. Hemen emaitza, kanpotik ikusita: