Eduki publikatzailea
2021·10·04
Kiroldegiko sauna berria erabilgarri dago jada. Sauna erabiltzeko hitzordua telefonoz hartu beharko da; egunean bi txanda hartu ahal izango dira. Horrez gain, sauna erabiltzeko arautegi espezifikoa* ere osatu dute. Saunaren kokapena aldatu dute, igerilekuen ondora, jarduera hezea izanik, egokiagoa delakoan. Kokapena aldatuta, gainera, sauna zaharra kendu eta garai bateko kiroldegiko langilea bizi zen espazioarekin bat eginda, beste areto bat sortzeko lanak egingo ditu udal-brigadak.
Horrez gain, beste bi berritasun ere badira gaurko egunean kiroldegiarekin lotuta. Batetik, txanda berri bana eskainiko dute, gaurtik aurrera, igerileku handian zein txikian. Igerileku handian 20:30etik 21:30era, eta txikian, 20:30etik 21:45era. Bestetik, gaur hasiko dira ikastaroak: 330 pertsonak eman dute izena, eta denek izango dute aukera ikastaroa hasteko, ez baita gainditu eskainitako plaza kopurua (eta, beraz, ez dute zozketarik egin behar izan). Zenbait ikastarotan ez da lortu taldeak osatzea, eta izena emateko aukera emango dute: pilates hobekuntza, spinning gazte 14-18 urte, konbinatua, HIT, Usurbil Barrena, helduentzako ur hastapena, haurdunak ura+pilates, HH4 uretan (ostegunetan) eta LH2 igerilekua asteazken-ostiral.
Sauna erabiltzeko arautegi espezifikoa:
- Hitzordua telefonoz hartu behar da.
- Aldagelak irekiko dira, dutxa puntu mugatuarekin, distantziak mantentzeko helburuarekin.
- Aldagelen edukiera legeak agintzen duenaren arabera aldatuko da.
- Saunako txanda bukatzeko 15 minutu falta direnean erabiltzaileek sauna edo igerilekua utzi beharko dute.
- Bi txanda hartu daitezke egunero. Egoera berezietan, txandaren luzapena behar izanez gero, jarduera fisiko eta kirol sailean baimena eskatu beharko da, eta zuzendaritzak hartuko du erabakia.
- Saunako txanda hartuz gero, igerilekuko kale bat erabil daiteke, beti ere kontrasteak egiteko, eta ezin izango da uretan saunan baino denbora gehiago pasa.
- Saunako erabiltzaileek sarrera eta irteera ate nagusitik egingo dute.
- Norberak bere toalla eraman beharko du, eta sauna barruan derrigor erabili.
- Ezin da biluzik sartu.
- Soroslearen esanak bete behar dira beti.