Eduki publikatzailea
Atzealdea Energiaren inguruko bulegoa irekiko du udalak abenduan
2020·11·11
Energiaren inguruko udal-bulegoa izango du Usurbilek abendutik aurrera. Energiaren inguruan hezkuntza lana egingo du, energiaren aurrezpen eta eraginkortasunaren garrantzia azpimarratuz, baita energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza eskainiz eta pobrezia energetiko egoeran egon daitezkeenei lagunduz ere. Horrez gain, udalaren energia kudeaketa hobetzea ere izango da aholkulariaren beste zereginetako bat, udaleko hirigintza eta zerbitzuetako sailekin harremanetan. Aurreikuspenen arabera, zortzi hilabeterako kontratazioa izango da, baina zerbitzuaren balorazioa ona bada, horrekin jarraitzeko aukera dago: udalaren Artzabalgo lokalean izango du egoitza.
Herritarrei zuzendutako zerbitzuaz gain, energiaren alorrean udalak egin beharreko zereginak ere bere gain hartuko ditu teknikari berriak: udal-argiteriaren inbertsio plana diseinatu, udal-energia inbentarioa osatu eta jarraipen prozedura zehaztu, udal-eraikinen auditoretza energetikoak gauzatu eta inbertsio plana proposatu, energia berriztagarrien jarraipena egin eta sorkuntza aukeren bideragarritasuna egin, eta abar.
Covid19-ak eragindako osasun krisiak atzetik dakarren krisi ekonomikoak gazteen lan-egoeran sor ditzakeen arazoak kontuan izanda, eta udal-gobernuak gazteen enplegua bultzatzeko duen konpromisoari eutsita, udal-baliabideez gain (20.135,17 euro), Lanbidek emandako tokiko erakundeek gazteak kontratatzeko laguntzak baliatuko dituzte horretarako (17.575 euro). Hala, 30 urte baino gazteagoa izan beharko du teknikariak, enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon beharko du Lanbiden. Formakuntzari dagokionez, ingeniari titulua edo gradua izan beharko du, baita hirugarren hizkuntza eskakizuna edo EGA ere. Kontratua abiatu aurreko egunean Gazteen Bermerako Sisteman inskribatua egon beharko du. Zortzi hilabeterako postua izango da oraingoz, lanaldi osoan, abendutik uztailera bitartean.
Hautaketa prozesua Lanbideren webgunearen bitartez egin ahal izango da. Informazio gehiagorako, udalera deitu dezakete interesa dutenek.