Albisteak
Atzealdea

Energia Berriztagarrien Komunitatea osatzeko deialdia

Izena emateko aukera zabalik dago: udal-erregistroan, udalaren webgunean edo info@ebkusurbil.eus helbidera idatzita egin daiteke. Prozesuari lotutako intereseko dokumentuak usurbil.eus/eu/energia helbidean topa daitezke. Hurrengo bilera maiatzaren 17an izango da, Udarregiko erdiko aretoan, 18:00etan.

2022·05·04


Udalak eta Goienerrek Usurbilen EBK Energia Berriztagarrien Komunitatea osatzeko deialdia egin dute. Atzo Sutegin egindako aurkezpenean dozenaka herritar izan ziren, eta hainbatek prozesuarekiko interesa agertu zuten, izena emanda. Atzoko saioarekin, urtebete inguruko prozesuari hasiera eman zioten: tarte horretan, hainbat lanketa egingo dira, eta amaieran erabakiko dute EBK osatu edo ez. Hurrengo saioan hasiko dira lanean: maiatzaren 17an izango da, 18:00etan, Udarregiko erdiko aretoan (eraikin gorria). Udalaren webgunean orrialde bat sortu dute, prozesuaren inguruko intereseko dokumentuak eskuragarri jartzeko.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, energia oinarrizko baliabide bat da, eta egungo kontsumo energetikoa, nagusiki, erregai fosiletan oinarritzen da, “berotegi efektuko gasak eragiten dituzten eta agortze bidean dauden lehengaietan, hain zuzen”. Horregatik, beharrezkoa da, energiaren deskarbonizazioarekin batera, energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko “urrats irmoak egin eta politikak sustatzea”.

Energiaren erronkari modu kolektiboan erantzutea nahi luke udalak, Solaberrietak azaldu duenez: “Energia komunitatearen bidez kontsumo eredua aldatzea eta herritarrak arlo honetan ahalduntzea sustatu nahi dugu: herritik eta herriarentzat sortuko den energia komunitatea izatea nahiko genuke”. Modu horretara, orain arte “herritarrengandik urrun eta kasik ezkutuan egon den sektore batean” herritarren parte hartzea eta ahalduntzea sustatu nahi du udalak, “tokiko energia beste modu batean kudeatzeko, energia-sistema erresilienteago eta bidezkoago bat eraikitzeko, burujabetza energetikoa ipar eta denontzat bizigarria izango den Usurbil zerumugan”. Izan ere, nabarmendu dutenez, energia komunitatea onuragarria litzateke ez soilik herritarrentzat, baita komertzio, enpresa txiki eta ertainentzat ere.

Goiener kontratatu du udalak Usurbilen EBK bat osatzeko aholkulari gisa, eta kooperatiba horretako langile den Alazne Arruti Bengoetxea aginagarrak gidatu zuen Sutegiko aurkezpena. Goiener zer den azaltzeaz gain, EBK bat zer den, hori osatzeko zein pauso eman behar diren eta Usurbilen zein aukera egon daitezkeen azaldu zuen Arrutik. Oraingoz, lantalde egonkor bat finkatu nahi dute, talde sustatzailea izango dena, eta, hori sortutakoan, azpitaldeak egingo dira, paraleloan lan egingo dutenak. Hiru talde izango dira: (1) arlo juridiko eta administratiboari lotutakoa, (2) proiektuei lotutakoa eta (3) komunikazioari eta dinamizazioari begirakoa. Urtebeteko prozesuan eurak izango dira komunitatearen nondik norakoak zehaztuko dituztenak, baina gerora gainerako herritarrek ere izango dute horrekin bat egiteko aukera.

Izen-ematea, une oro zabalik

Atzoko aurkezpenean egin ziren lehenengo izen-emateak, baina izena emateko aukera une oro izango da zabalik: prozesuaren edozein unetan bat egin ahal izango dute herritarrek. Hainbat aukera daude horretarako:

Aurkezpen ekitaldia, Youtuben

EBK-ren aurkezpen ekitaldiko bideoa Youtuben dago ikusgai, baita udalaren webgunean ere.