Eduki publikatzailea

Atzealdea Emergentzia klimatikoaren arazo globalari tokian tokitik aurre egiteko deia egin du Usurbilgo Udalak Zubietako erraustegiaren aurkako manifestazioan

Ehunka lagunek egin dute bat Usurbilgo Udalak erraustegiaren aurka deitutako manifestazioarekin. Agurtzane Solaberrieta alkatearen esanetan, ez da “justizia klimatikorik” izango erraustegiak bultzatzen duen hondakinen kudeaketa ereduarekin. Hondakinen ardura herritarrena zein herri-erakundeena dela ohartarazi du, eta arduraz kudeatuko balira ez litzatekeela erraustegiaren beharrik izango nabarmendu du.

2019·12·13


Manifestazio jendetsua egin berri dute Usurbilen Zubietako erraustegiaren aurka, Usurbilgo Udalaren deiari jarraiki, SOS Usurbil, erraustegia gelditu! lelopean. Udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan hasi, eta herriko frontoian amaitu da manifestazioa, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak mezu bat irakurtzearekin batera: ehunka lagun batu dira. Hasteko, eskerrak eman dizkie manifestaziora batu diren herritarrei, bertakoei zein inguruko herrietatik etorri direnei, baita Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorritako alkate eta zinegotziei ere. “Zuen elkartasuna eta berotasuna sentitu ditugu: bakarrik ez gaudela sentitu dugu, erraustegia martxan jarri duten fase berri honetan, ezinbestekoa zaiguna”.

Europak emergentzia klimatikoa deklaratu duen honetan, eta Madrilgo goi-bilerari erreferentzia eginez, Greta Thunberg ekologista aipatu du Solaberrietak: “Historiako aldaketa garrantzitsu bakoitza herrietatik etorriko dela entzun diot, eta arrazoi du: arazo globalei tokiko konponbideak eman behar dizkiegu, balio feministetan sakonduz, bizitzak, eta ez kapitala, erdigunean jarriz, eginkizun eta arduren dimentsio kolektiboa indartuz, komunitatean pentsatuz eta jardunez”. Hala, Usurbilgo Udalak errauste-plantaren aurkako deliberoa hartu duela, eta bide horretan sakontzeko prestasun osoa duela nabarmendu du.

Solaberrietak gogoratu duenez, “justizia klimatikoa” galdegin dute gazteek Madrilgo goi-bileraren harira, eta bat egin du eskaera horrekin, erraustegia eta justizia klimatikoa bateraezinak direla nabarmentzeaz gainera. “Ez dago justizia klimatiko posiblerik Gipuzkoan, errauste-planta martxan jarrita. Ez dago justizia klimatiko posiblerik egun indarrean dugun hondakinen kudeaketa eredu honekin. Ezin dugu klima aldaketaz hitz egin, beraz, hondakinen kudeaketaz hitz egin gabe. Eskutik doaz: txanpon beraren bi aldeak dira”.

Hain zuzen ere, hondakinen kudeaketan jarri du arreta Solaberrietak: “Hondakinen erabilera gure sistema ekonomiko eta bizimoduaren isla da. Gure kontsumo-ohiturak, pertsonok gizarte-antolaketan dugun tokia, naturarekin dugun harremana, garapena ulertzeko modua... horiek denak agerian geratzen dira hondakinen kudeaketari erreparatuz gero. Eta, herritarron bizimoldeak ez ezik, erakunde publikoen jokabideak ere nabarmen azaltzen dira”.

Usurbilen atez ate jasotzen dira hondakinak, eta, modu horretara, hondakinen %90 gaika biltzen dela gogoratu du Solaberrietak. “Herri koxkorrek, urbeek, antzera jokatuko balute, errauste-planta ez litzateke beharrezkoa izango, Markel Olanok kontrakoa badio ere”. 2016an herri-ekimenez egin zen galdeketa gogoratu du alkateak: %45eko parte hartzearekin, “ezezko borobila” eman zitzaion erraustegiari. Hondakinen kudeaketa herritarren zein herri-erakundeen ardura dela nabarmendu du Solaberrietak, izaera kolektiboa izan behar duela, eta birziklatzea ez dela aukerakoa, betebeharra baizik. “Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoak ondo tratatzea, ingurumena eta osasuna lehenetsiz, herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriaz edo zabarkeriaz jokatzea, beraz, ez da inoren eskubidea. Eta, are gutxiago, gure osasuna arriskuan jartzea. Hori bai ez dela zilegi, Markel Olano jauna, are gutxiago, bestelako eredu alternatiboak gara daitezkeenean”.

Beste behin ere, erraustegiak sortzen dien kezka nabarmendu du Solaberrietak, eta “zuriketa berderik” ez egiteko eskatu du. Azken egunetan Berria egunkarian argitaratutako elkarrizketa bati egin dio erreferentzia: “Klima krisiari aurre egiteko politikak feminizatu egin behar direla irakurri dut; historikoki maskulinotzat jo izan diren balioak dira oraindik ere nagusitzen direnak naturarekin harremanetan jartzen garenean, eta, begi-bistakoa da emaitza: klima krisia. Hondamendia”.

Erraustegiaren kostua ere hizpide izan du. “Uste dut gutxiegi aipatzen den gaia dela: hautatutako finantziazio bideak gipuzkoarroi 35 urtetan behartzen gaitu gure sosen bidez enpresa pribatuak finantzatzera. 35 urteko morrontza ekonomikora behartzen gaituzte, herrietako hondakinen tasak igoaraziz. Eta, gainera, errefusa zamatu ordez, saritu egiten du GHKren tarifa-sistemak. Eskandalu bat!”.