Eduki publikatzailea

Emakumeen Etxea sortzeko martxan jarriko den prozesua aurkeztuko du udal-gobernuak martxoaren 14an, Sutegin

Parte-hartze prozesu bat abiatuko dute apiriletik aurrera, Elhuyarrek gidatuta, Emakumeen Etxearen helburuak, filosofia, erabiltzaileak, espazioaren antolaketa, funtzionamendua eta abar parte-hartzaileen artean adosteko. Emakumeen Etxea sortzeko prozesuarekin batera, bilera sorta egingo da Kalezarren, auzoaren beharrak jaso eta haiei bide emateko asmoz.

2020·03·03


Emakumeen Etxea bere lehenengo pausoak ematen hasiko da laster. Hain zuzen, proiektuaren nondik norakoen berri emango du udal-gobernuak, hilaren 14an, Sutegiko erakusketa gelan egingo duen aurkezpen irekian, 12:30ean; amaieran, parte-hartzaileen solasaldiari bide emateko, luntxa ere izango da. Parte-hartze prozesu bat abiatuko du udalak, Elhuyarrek gidatuta, Emakumeen Etxearen egitasmoak zein ezaugarri edukiko dituen zehazteko: helburuak, filosofia, erabiltzaileak, espazioaren antolaketa, funtzionamendua, kudeaketa, eta abar.

Apirilean abiatu nahi du prozesua, eta gai horiek guztiak bost saiotan lantzea aurreikusi dute. Gaian interesa duten herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu ditu udal-gobernuak, batez ere emakumeak, maila pertsonalean zein taldeen ordezkari gisa. Elhuyarrekin eta udaleko berdintasun-teknikariarekin eta zinegotziarekin batera, parte-hartzaileak izango dira proiektuaren zehaztapenak egin eta ezaugarriak definituko dituztenak. Prozesua abiatzean, inguruko herrietako emakumeen etxeen ordezkariak gonbidatzeko aukera aztertuko dute, euren esperientziaren berri izan, eta, horrela, ikaspenak jaso ahal izateko.

Pelaioenea proposatu du udal-gobernuak Emakumeen Etxearen egoitza izateko. Eraikina birgaitzen ari da gaur egun, udala: teilatua eta fatxada konpontzeko bidean da. Barrutik berritu eta egituratzeko, ordea, eraikinaren erabiltzaile izango direnekin hartu-emanak izango ditu, haien beharren araberakoa izan dadin. Elhuyarrekin egingo duten parte-hartze prozesuan landu beharreko gaietako bat izango da, hain zuzen.

Usurbilgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planak (2016-2020) jasotzen du Emakumeen Etxea, zehazki, emakumeen boteretzea eta balio-aldaketarekin lotutako ardatzean: “Ahalduntze-ikastaroak eskola gisa egituratzea, eta Emakumeen Etxeen Sarean parte hartzea”. Legealdiko Planean ere isla dute biek: 2021-2025 urteetarako III. Plana sortzea eta Emakumeen Etxea sortzea (20 eta 21. neurriak, hurrenez hurren).

Auzoko beharrak

Pelaioenea Emakumeen Etxearen egoitza izan dadin nahi du udal-gobernuak, baina, horrez gain, beste behar batzuk ere ase ditzakeelakoan dago. Pelaioenea Kalezarren erdi-erdian dago, eta auzoaren beharrak asetzeko udal-ekipamendua ere izan dadin nahi du. Edozein modutan, hori herriko emakumeekin nahiz auzotarrekin aztertzeko gaia da. Horretarako, emakumeekin egin beharreko prozesuaz gain, auzotarrekin hainbat bilera egitea aurreikusi du udal-gobernuak, auzoaren beharrak jaso eta haiei bide nola eman aztertzeko.