Eduki publikatzailea
2021·01·29
Martxoaren 8a gerturatzen ari den honetan, udal-gobernuak esku artean dituen edota hurrengo hilabeteetan martxan jarriko dituen proiektuen berri eman du gaur prentsaurrekoan. Emakumeak eta zaintza izango dira guztien ardatz, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Itziar Basterrika Unanue zinegotziak azaldu dutenez: “Guretzat martxoaren 8a egunero da, egunero ari baikara parekidetasuna helburu duten egitasmoak martxan jartzen edota parekidetasuna zehar-lerro duten udal politikak garatzen. Gure herriari betaurreko morez begiratzen. Eraikitzen”.
Udal-politikak eta egitasmoak diseinatzeko “hainbat iturritatik edaten” saiatzen da udal-gobernua, Solaberrietaren esanetan. Angela Davis aipatu du lehenik: “Davisek egindako ekarpenak handiak dira, eta bat nabarmentzekotan feminismo zuri eta burgesa ideologia antikapitalista, antiarrazista eta dekolonialean eraldatzea izan zen, feminismo berri baten oinarriak finkatuz. Generoa, arraza eta klasearen araberako zapalkuntzen intersekzionalitateari izena jarri zion”. Hari horri tiraka Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek beste zapalkuntza bat gehitu diote, Euskal Herriaren testuinguruan: hizkuntza zapalkuntza. “Euskaltzaletasunaren eta feminismoaren arteko elkargune eta harremanei buruz hausnartzen dute ‘Trikua esnatu da’ saiakeran: euskara eta generoa ere ez doaz aparte, beraz”.
Solaberrietak azaldu duenez, elkar gurutzatzen diren zapalkuntzak izaki, horiei aurre egiteko bideek, eragiteko guneek, politikek eta egitasmoek ere elkar gurutzatu behar dute: “Elkar-ekintzan aritu behar dute, Usurbil berdinzale eta bizigarriagoa eraiki nahi badugu”. Hain zuzen ere, ikuspegi eta logika horretatik abiatu ditu udal-gobernuak Emakumeen Etxea sortzeko parte-hartze prozesua, jatorri aniztasuna eta elkarbizitzarena, Martxoaren 8aren ingurumarian antolatutako jarduerak edo udaberrian abiatuko duen zaintza-ereduari buruzko parte-hartze prozesua. “Gai bera, ertz ezberdinetatik landuak. Beste modu batean esanda: ertz ezberdinak harilkatzen ari gara, beti ere osotasun baten bila”.
Emakumeen Etxea
Etorkizuneko Pelaioenea Eraikitzen proiektu orokorraren barruan, Usurbilgo Emakumeen Etxea abiatu zuten irailean. “Bi prozesuak azken txanpan daude, eta ezer baino lehen azpimarratu nahi dugu biak ala biak oso prozesu emankorrak, parte-hartzaileak eta ederrak izan direla”, azaldu du Basterrikak. Haren esanetan, bi prozesuetako parte-hartzaileak egiten ari diren ekarpenak “interesgarriak” dira, eta “bikaina da” gorpuzten ari diren proiektua. Prozesuok eman dituzten emaitzak martxoaren 6an egingo duten ekitaldi batean aurkeztuko dituztela iragarri du Basterrikak, parte-hartzaileei eskerrak ematearekin batera.
Martxoaren 8a
Bi ekimen antolatuko ditu udalak Martxoaren 8aren bueltan.
-
‘Amatasun bizigarriak’ tailerra, Ainara Gorostizu kazetariaren eskutik, otsailaren 10ean, 17an eta 24an. Amatasunak eta feminismoak eztabaidaz beteriko harremana izan dute, patriarkatuak hauspotzen duen amatasun hegemonikoa suntsitzeko premia larria eta amatasun praktika bizigarriagoak egiteko dema. Horretaz guztiaz aritzeko aukera izan da, norbere bizipen eta praktikatik. Gutako bakoitzaren bizipenetik, praktikatik eta elkarri entzunez egin nahi dugu aurrera saiootan.
-
Irene Arrarats Lizeagaren hitzaldia, Simone de Beauvoirren ‘Bigarren sexua’-z, Martxoaren 8ko astean. Beste idazle eta pentsalari feminista handia izan zen Beauvoir. “Emakume ez da jaiotzen: egin egiten da”. Horixe bere ekarpena, pentsamendu feministan oinarrizko obra. Orain dela 70 urte argitaratu zen arren, ez du gaurkotasunik galdu. Bertan, emakumeak bere burua subjektu zein kolektibo gisa identifikatzeko dituen arazoen oinarria aztertzen du Beauvoirrek. Horretarako, historian zehar emakumeari eman zaion lekuaren analisia egiten du, literatura eta filosofia sakon aztertuz, eta bere zein ezagutu izan dituen emakumeen bizipen eta jokabideak aztertuz. Bere garaian, pentsalari frantziarraren argitalpenak hautsak harrotu zituen: Vatikanoak debekatu egin zuen, baita Frankismoak ere; marxistek ere ez zuten ondo hartu, emakumeen zapalkuntza klase zapalkuntzarekin alderatzen omen zuela-eta. Liburuak arrakasta itzela eduki zuen. Zergatik? Emakume asko identifikatuta sentitu zirelako honelako esaldiekin: “Bere izatea objektu bihurtzeko eskatzen zaion subjektua, hori da emakumea”.
Jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen
Legealdiko Planarekin batera iragarri zuen udal-gobernuak Usurbilgo jatorri aniztasuna eta usurbildar guztien arteko elkarbizitza legealdiko lan-ildo iraunkorrak izango zirela. Hain zuzen, urriaren 15ean aurkeztu bezala, diagnostiko bat egin du Aztikerrek, jatorri desberdineko herritarrak elkarrizketatu, eta jatorri aniztasunaren inguruko esperientziak, diskurtsoak eta iritziak jasoz. XX.mendearen bigarren erdialdeko zein gaur egungo olatuei erreparatu diete. Ikerketaz gain, dokumental bat egiten ari dira Ibai Arrieta, Joseba Parron eta Maialen Unanue, Usurbilera etorritako migratzaileen zein bertan jaiotakoen testigantzak jasotzeko. “Testigantzak ikus-entzunezko berezi batean jaso nahi izan ditugu, elkar ezagutzen sakondu, eta prozesu migratorio horiei izen-abizenak jarri, aurpegia, azken batean, herrikideka baikara guztiak”.
2020an ez zen Mundualdirik izan: aurten, bai, ordea. Mundualdiaren “edizio berezi bat” egingo dute martxoko azken asteburuan, ikerketaren emaitzak eta ikus-entzunezkoa aurkezteko. Horrez gain, jakien jairik ez da izango, baina aitortza ekitaldi bat prestatzen ari da udala.
Beterri-Buruntzako zaintza-erregimenaren diagnostikoa eta ekintzarako proposamena
Aniztasunaren diagnostikoak erakutsi du bi migrazio olatuen arteko desberdintasun nagusietako bat orduko zein egungo migratzaileek dituzten lanbideak dira: Hego Ameriketako emakumeak zaintza-lanetan aritzen dira, gaur egun. “Zein egoeratan, baina?”, galdetu du Basterrikak. Solaberrietak jarraitu duenez, hain zuzen ere, galdera horri erantzuteko asmoz Beterri-Buruntzako berdintasun-teknikarien eskariz diagnostiko bat egin du Emagin elkarteak. “Ondorioa argia da: herritarren zaintzarako beharren eta zaintzeko baliabideen artean desoreka handia dago. Migrazioarekin hertsiki lotzen zaigu egun, eta horren kaltea emakumeek ordaintzen dute. Egungo zaintzen antolaketak, beraz, ez ditu herritar guztien eskubideak errespetatzen, eta horri aterabidea eman nahi zaio. Gure premisa argia da: zaintza lanen ardura ez da indibiduala eta pribatua, kolektiboa eta politikoa baizik”, nabarmendu du Solaberrietak.
Covid19-ak, gainera, zaintzaren krisia eta adinekoen zaintza eredua aldatzeko beharra modu nabarmenean jarri ditu agerian, haren esanetan.
Zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesua
Hain zuzen ere, zaintza ereduaren inguruko parte-hartze prozesua abiatuko du udalak Aste Santuen ostean, Matiak dinamizatuta. “Nola zaindu nahi dugu? Nola zainduak izan nahi dugu? Zein konpromiso hartuko ditugu norbanako, komunitate eta erakunde gisa?”. Galdera horiei erantzungo diete, besteak beste, prozesu horretan. “Garaiotan, zaintzaren kultura sustatzeko lan egitea garrantzitsua da, gizarte-zaintzaren kultura partekatzea, zaintza-lanei balio sozial eta politikoa ematea, herri zaintzailea izateko, zainketen ikuspegi komunitarioa lantzea. Eta, hain zuzen ere, horixe izango da abiatuko dugun parte-hartze prozesuaren xedea”, Basterrikak nabarmendu duenez.
Zinegotziaren esanetan, erronka horiei guztiei “ikuspegi feminista eta antiarrazista” barnebilduz egin nahi diete aurre: “Hausnartu, eta ekintza-plan zehatzetan lur hartuko dute, esaterako, Emakumeen Etxea, aniztasuna kudeatzeko plan integrala eta zaintza eredu berri bat inplementatzeko proposamena”.
“Zaintza, zaintza, zaintza”
Ikuspegi hori islatzen duen irudia ere aurkeztu dute gaurko prentsaurrekoan, Iametzak eta Antzak garatua, Usurbilgo Udalarentzat. “Kulturara jo dugu, kultura eraldaketarako tresna eta balio sistema oso baten transmisiorako tresna baita: Joxan Artzek, hain zuzen, horretarako baliatu zuen bere olerkigintza”. Artzeren “lanalanalana” poema oinarri hartuta, genero eta zaintza lanen desoreka lotu dituzte irudi bakarrean, Solaberrietak azaldu duenez: “Artzeren olerkian lana eta gizona hitzek fabrika baten itxura hartzen dute; gurean, zaintza eta emakumea hitzek etxe baten forma hartzen dute. Azken batean, adierazi nahi duguna da egungo zaintza eredua emakumeon eta bereziki emakume migratuen esplotazioan oinarritzen dela. Izan ere, bizitzak aurrera ateratzeko, kapitalismoak genero zapalkuntzan eta arrazakerian sakontzen jarraitzeko premia du; hots, merkatuko ekonomiak irauteko, emakumeek jarraitu behar dute etxeko eta zaintza lanen zama nagusia hartzen, eta hori doan eta ahal den eta ikusezinen egiten”.
Artzek bere poeman irudikatutako pertsona haren kasuan bezala, bere espaziorik gabe geratutako gizaki bihurtzen dute emakumea monotoniak, etxeak eta zaintzak. “Horrek guztiak emakumearen askatasuna mugatzen du, eremu sozialean, kulturalean, politikoan edo ekonomikoan”.
Solaberrietaren esanetan, ordea, ez dute “salaketa hutsean” gelditu nahi, eta alternatibak lantzera doa udala. “Alternatiba horiek ere etxe horren bueltan daude: etxea emakumearentzat jasangaitza izan daiteke, baina gu emakumeentzat espazio libre bat eraikitzera goaz: Emakumeen Etxea. Kartelaren koloreek aniztasuna irudikatzen dute: aniztasuna balio aberats eta positibo gisa lantzera goaz. Eta, azkenik, zaintzea balio sozial, ikusgarri, miresgarri eta etikoa izan dadin lantzera goaz: gakoa berdintasunean zaintzea baita, eta horixe da zaintza-ereduaren parte-hartze prozesuaren oinarri nagusia. Berdintasunean zaintzea ahalbidetuko duen eredu eta praktika komunitarioa sortzea.