Eduki publikatzailea

Atzealdea Emakume Master Cup txapelketa eta Itzulia Women lasterketa, maiatzaren 17an, Usurbilen

Udalak diruz lagundu du esku pilota txapelketa. Mozketak izango dira trafikoan, N634 errepidean, lasterketa dela eta.

2026·05·08


Goi mailako bi kirol hitzordu izango dira, Usurbilen, maiatzaren 17an: Emakume Master Cup-ek antolatzen duen VIII. San Fermin torneoa eta Itzulia Women txirrindularitza lasterketaren hirugarren etapa. Egun eta ordu bertsuan izango dira: 12:00etan hasiko da pilota partida, eta ordu-erdi pasatxo geroago zeharkatuko dute herria Itzulia Women-eko partaideek.

Esku pilotako San Fermin torneoari dagokionez, bi partida jokatuko dira, Usurbilgo frontoian: doan izango dira. Lehenengoa, gazteena izango da: Arruti eta Iparragirre Zabala eta Lizarralderen aurka arituko dira. Bigarrena, elite mailakoa izango da: Etxegarai-Gaminde Sagardui eta Arrillagaren aurka.

Itzulia Women lasterketa maiatzaren 15etik 17ra jokatuko da: hiru etapa izango dira, eta azkenak Usurbil zeharkatuko du; Donostian hasi eta bukatuko da, 113,1 km osatuta. Lasarte-Oriatik iritsiko da lasterketa, eta Aginagara bidea hartuko du, Mendizorrotzeraino: handik Oriora iritsiko da lehenengo eta Donostiara, gero.

Aurreikuspenen arabera, txirrindulariak 12:40 eta 12:55 artean pasatuko dira Usurbildik: ordu erdi lehenago moztuko da trafikoa herria zeharkatzen duen N634 errepiderako sarbideetan.