Albisteak
Atzealdea

Elkarlana, ezinbesteko

2020ko azaroko Udalberrin argitaratutako zutabea, ingurumenari lotuta Eusko Jaurlaritzarekin eta Ucinekin izandako bilerez.

2020·11·16


Askotan esan izan dut Covida biluzte ariketa izan dela. Gizarte honen arrakalak, zaurgarritasunak, hauskortasunak, zelofanak, topeak, krisiak... inoiz baino ageriago utzi dituela. Besteak beste, garapen ekonomiko basati honek eragindako kolapsoa edota, beste modu batean esanda, krisi klimatikoa. Horrenbestez, jasangarriagoa den eredu baterako trantsizioa ekidin ezin den helburu bilakatu zaigu, maila lokalean zein globalean.

Helburu horri begira, udal honek lan-ildo ezberdinak ditu martxan, hala nola herrian arnasten dugun aire kalitatearekiko kontrola. Asko kezkatzen gaituzte herriko zein inguruko jarduera industrialek sortzen dituzten emisioek, ke isuriek edota usaiek. Are, herritarron osasunean eraginik izan badezakete. Hain zuzen, hori aztertzeko helburuz diruz lagundu dugu Zubieta Lantzanek errauste-plantaren kutsadura aztertzeko abiatutako azterketa independentea edota udalak berak iaz kontratatu zituen Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Ingurumen Zentroko Ingenieritza-kimikoko departamenduko ikerlariak. Orduan, herrian tarteka atzematen dugun usaia ze konposatuk sortzen duten ikertu zuten, baita jatorri posibleak identifikatu ere. Orain, beste lan-lerro bat dugu zabalik: aire kalitatearen modelizazio lanak egin nahi dira. Herriko emisio-foku guztiak aintzat hartuta, modu bateratuan Usurbilgo aire kalitatean zein eragin duten ikustea ahalbidetuko du modelizazioak.

Aztertzea, ikertzea, beti da ezinbesteko. Zer-nolako kutsadura dugun jakitea, oinarrizkoa. Nork/zerk eragin dezakeen jakitea, are egokiagoa. Gure eskumena ez izan arren, eta gure ahalmena mugatua izan arren, horretan ari gara buru-belarri. Batzuentzat agian ez da nahikoa, baina borondatea eta ahalegina ez zaizkigu falta. Kontua da udal honek (edo beste edozeinek) bakarrik ezin diola arazo honi irtenbiderik eman, Eusko Jaurlaritzaren eta enpresen laguntza eta elkarlanik gabe. Hor dago, gakoa.

Hain zuzen ere, laguntza eta elkarlan hori eskatu genion astelehenean Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeari eta zuzendariari, Gasteizen egin bileran. Bilera hori otsailean ginen egitekoak, baina Zaldibar, Covid, konfinamendua, hauteskundeak eta gobernu berriaren osaketa tarteko, 10 hilabetez atzeratu da. Orain, arduradun berriak daude Ingurumen Sailean. Udalak zein herritarrek gai honekiko dugun kezkak mahaigaineratu genizkien, bideo eta argazkiak erakutsi, azken astotan herritarrek Ucinen inguruan igorritako salaketen berri eman genien. Gai honetan duten erantzukizuna onartu ziguten, baita emisio kontrolerako duten bitarteko-gabezia azaleratu ere: EAE osorako 8 ikuskatzaile baino ez dituzte. Norberak atera ditzala bere ondorioak.

Erakunde ezberdinen arteko elkarlana, ordea, ez da aski. Enpresen kolaborazioa ere behar-beharrezkoa da, emisioak gutxituko badira. Aurrekoan bezala, legegintzaldi honetan hainbatetan bildu gara Ucin enpresako arduradunekin. Azken bilera pasa den ostiralean izan zen. Zigor espediente bat zabaldu berri diegu, teilatua ixteke dutelako oraindik. Gaia birbideratzeko neurriak adostu genituen. Ikusteke, beraz, emaitzak. Edonola ere, auzia konplexuagoa da, eta kutsadura errotik murrizteko, konpromiso sendoagoak behar ditugu. Esate baterako, jatorrian neurketak egiten uzteko eskatu diegu (ez da lehen aldia), eta Kataluniako ikerlariekin elkarlanean aritzeko. Oraingoz, tamalez, ez dugu erantzun baikorrik jaso.