Eduki publikatzailea
Atzealdea Elkargunearen aurkezpena, otsailaren 22an
2025·01·30

Elkargunearen inguruko hainbat gai plazaratzeko aurkezpena egingo dute, elkarrekin, udalak eta proiektuaren bultzatzaile diren Aztarrika gazte-asanbladak, Gaztelekuak, Kulturguneak eta Ziortza gazte elkarteak. Otsailaren 22an izango da hitzordua, 12:00etan, Sutegiko auditoriumean. Elkargunearen proiektua definitzeko partaidetza prozesu bat egin zuten iaz, Elhuyarrek lagunduta. Orain, prozesu hark emandakoak ez ezik, eraikinaren proiektua, izena, marka eta hurrengo urratsen berri emango dute.
2023ko maiatzean, Aztarrikak, Usurbilgo Kulturguneak, Ziortzak eta Gaztelekuak Elkargunea sortzeko ideia aurkeztu zuten: herrian gazte, nerabe eta kulturgileentzako gune berri bat behar zela nabarmendu zuten. Hortik aurrera, udal ordezkariak eta eragileak hainbatetan bildu eta zenbait aurrerapauso eman zituzten. 2024Ko urtarrilaren 19an, partaidetza prozesua aurkeztean, Jon Mikel Azpiazu zinegotziak azaldu zuenez, udalak “potentzialitate handia” ikusten dio proiektuari, herriaren eta herritarren hainbat beharri erantzuteko balioko duela iritzita. Herriko gazte zein kulturgileek erakutsi zuten “inplikazioa” ere nabarmendu zuen zinegotziak.
Partaidetza prozesua aurkeztearekin batera, eragileek eta udalak Elkargunea Udarregi ikastolaren aurreko zelaian eraikitzea adostu zutela jakinarazi zuten. Izan ere, eraikin berri bat behar zela adostu zuten, eta udalak horretarako konpromisoa hartu zuen: “Udalak, eraikin berriak egin baino lehen, erabiltzen ez diren eraikinak berritzea du irizpide nagusitzat, baina, kasu honetan, Usurbilen ez dago eragileek irudikatutako espazio berri horren ezaugarriak betetzen dituen areto edo eraikinik, eta, beraz, berri bat egin behar da”.
2024an, hainbat gai landu dituzte eragileek, Elhuyarrekin batera, eta proiektuari izena jartzeko ekarpenak jasotzeko epe bat ere jarri zuten. Izen horren berri ere emango dute, aurkezpenean.
Eraikina gauzatzeko prozesua
Udalak, orain, eraikinaren exekuzio proiektua idazteko eta obra zuzendaritza esleitzeko lizitazioa abiatuko du: ondo bidean, udaberrirako aukeratuta izango du talde irabazlea. Horren ostean, esleipendunak exekuzio proiektua idazteko sei hilabeteko epea izango du, eta hori eskuratutakoan abiatu ahal izango du udalak obrak esleitzeko prozesua. Udalaren aurreikuspenen arabera, 2026an hasi ahal izango dira obrak.

