Eduki publikatzailea

Atzealdea Elizako kultur ondarea ezagutarazteko lankidetza hitzarmena sinatu dute udalak eta Salbatore parrokiak

Bi urtetarako hitzarmena sinatu dute udalak eta elizak, organoa, erlojua, kanpandorrea zein eraikina bera 650 Usurbil Bizi proiektuaren bisita gidatuen bidez ezagutarazteko.

2024·06·06


Usurbilgo Udalak eta Salbatore parrokiak hitzarmena sinatu dute, elizaren kultur ondarea ezagutarazteko: eliza bera, organoa, erlojua eta kanpandorrea ezagutzeko aukera emango dute, 650 Usurbil Bizik eskaintzen dituen bisita gidatuen bidez. Hitzarmenean, bisiten ezaugarriak eta bi aldeek hartutako konpromisoak zehaztu dituzte: bi urtetarako sinatu dute, eta beste bi urtez luzatzeko aukera izango da.

650 Usurbil Bizi proiektua Usurbilek dituen identitatean, baloreetan, ondarean eta egitasmo eraldatzaileetan oinarritutako turismo proiektua da, turismoaren estandar ohikoetatik aldenduta. Horren barruan, 14 lan-lerro irudikatu ziren, 14 Usurbil, eta horietako bat, hain justu, Ondarearen Usurbil izan zen. “Usurbilgo ondarea denetarikoa eta aberatsa da. Historia, kultura, industria, natura... iraganak utzi dizkigun altxorrak ugariak dira. Proiektu honen bidez, batez ere, transmisioan sakondu nahi dugu”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak. Herriko ondarea zaindu, berreskuratu eta balioa ematea da udalaren xede nagusietako bat, eta hala jaso zuten 650 Usurbil Bizi proiektuan ere. Andatza mendian topa daitezkeen bi ibilbide aipatu ditu, horren adibide gisa: Errotarrien Bidea eta Oroimen Ibilbidea.

Usurbilgo Salbatore elizako ondarea ezagutzeko bisita gidatuek Ondarearen Usurbil lan-lerroa zabalduko dute, zentzu horretan. Bisita horiek udalarentzat zein parrokiarentzat bideragarriak izan daitezen, hainbat alderdi adostu eta zehaztu dituzte hitzarmenean. Esaterako, urtean hamabi bisita izango dira, ordu eta erdikoak, eta hamabi lagunentzako lekua izango da. Hiru bisita desberdin eskainiko dira, txandaka: batzuetan eliza eta 1907an Parisko Cavaillé-Coll lantegietan eraikitako organoa ikusteko aukera izango da; beste batzuetan, eliza, kanpandorrea eta Benito Yeregi Goldarazenak egin eta 1912az geroztik bertan den erlojua; eta, beste zenbaitetan, soilik eliza ezagutzekoa. Bisitetako gidaria udalak jarriko du, eta organo-jolea, berriz, elizak izendatuko du.

Udalak bere gain hartuko ditu bisiten ondorioz sortzen diren elektrizitate gastuak, baita elizako erlojuaren mantenu gastu batzuk ere, hitzarmenak iraun bitartean. Bisiten asegurua ere eginda du. Horrez gain, dagoeneko zenbait lan eginak ditu udalak, hitzarmenaren ondorioz: erlojutik kanpandorrera bitarteko eskailerak konpondu ditu, baita kanpandorrearen gunea garbitu ere. “Uste dut ez dagoela Usurbil osoan toki ederragorik, eta aukera hori herritarrei eta bisitariei ere emango diegu aurrerantzean”, nabarmendu du Solaberrietak. Dena den, oharra egin du: ez dira bisita irisgarriak izango, organora edo kanpandorrera igotzeko eskailerak igo behar baitira.

Usurbilgo apaiz Ibon Alberdi Urrestarazuk, Salbatore parrokiako arduradun taldearen ordezkari, nabarmendu duenez, jakitun dira kudeatzen duten ondareaz eta bere garrantziaz. “Gizaldi luzez zaindu du Usurbilgo kristau elkarteak ondare hau: zaintza zaila eta garestia izan da”. Alberdik azaldu duenez, elkarteak beti izan du ondare hori jendearentzat irekita: “Orain arte ere, eskatzen zuenari irekitzen, erakusten eta esplikatzen zaio ondare guztia: zenbat talde gerturatu dira horrela!”. Gogoratu du, gainera, elizan Donostiako Musika Hamabostaldiko hainbat kontzertu eman direla azken urteetan, eta Usurbilgo Zumarte musika eskolarekin ere elkarlana dutela. Beraz, udalak bisita gidatuen aukera aipatzean prest agertu ziren: “Gure esku dagoen ondare hau are gehiago zabaldu nahi dugu”.

Bisiten egutegia udalaren eta parrokiaren artean zehaztu dute, eta 650 Usurbil Biziren webgunean iragarriko dituzte gutxi barru.