Eduki publikatzailea
Atzealdea Ekainaren 9an, egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko VI. Txapelketa izango da, Aginagako Eliza Zaharrean
2024·05·29
Egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko VI. Txapelketa egingo dute, ekainaren 9an, goizez, Aginagako Eliza Zaharrean, Sagardoaren Unibertsitatearen eta Usurbilgo Alkartasuna kooperatibaren eskutik. Lehiaketaren berri eman dute, prentsaurreko baten bidez, Jakoba Errekondok (Sagardoaren Unibertsitatea), Maider Larrañagak (sommelierra eta epaimahaiko kidea) eta Agurtzane Solaberrietak (Usurbilgo alkatea). Izena emateko aukera maiatzaren 31ko 19:00ak arte izango da irekita: parte hartu nahi duten sagardogileek zortzi sagardo botila eraman beharko dituzte Alkartasuna kooperatibaren egoitzara. Aurkezteko modua eta lehiaketaren oinarriak ere Alkartasunaren webgunean kontsultatu daitezke.
Errekondok azaldu duenez, 2017an antolatu zuten txapelketa lehenengo aldiz. Eta, hastapenetatik, helburu argi bat izan dute: egurrean egindako sagardoari balioa eta ikusgarritasuna ematea. “Diskurtsoetan eta praktiketan herdoilezinezko kupelak goresten dira, batzuetan, egurra bera gutxietsiz. Txapelketa honen bidez, sagardo bereziak egiteko egurra interesgarria izan daitekeela defendatu nahi dugu, ematen dion xarma eta ukitu bereziagatik: egurrean egindako kultura mantendu eta biziberritzea dugu misio”. Errekondoren esanetan, batik bat haritza eta gaztaina erabili izan dira, baina baita akazia edo gereziondoa ere, tarteka.
Euskal Herriko sagardogile guztiak gonbidatu dituzte txapelketara. “Edozein sagardogilek parte har dezake, lanbide duenak zein ez, sagardotegietakoak bezala etxerako egiten dutenak ere”, azaldu du Errekondok. Txapelketaren epaimahaiak hiru kide entzutetsuk osatuko dute, eta haiek gidatuko dute txapelketa: Maider Larrañaga eta Dani Corman sommelierrek, eta Irati Amondarain enologoak. Lehen fasean, gonbidatu eta parte hartzaileek parte hartuko dute puntuaketan taldeka, epai-mahai batek gidaturiko taldean. Bigarren fasean, hautatuak izan diren 9 sagardoen artean, epaimahaiko hiru kideek epaia emango dute. Ondoren, sari banaketa burutu eta parte hartu duten sagardoekin batera, jateko zizka-mizkak banatuko dira, txapelketatik haragoko giro informala eta gertukoagoa sortuz.
Egurrean sagardoa egiten duten parte hartzaileez gain, gonbidatuak egongo dira: sukaldariak, kazetariak, gastronomiarekin lotura dutenak... Helburua jende desberdina sagardoaren kulturara hurbiltzea da, eta urtero, jende berria gonbidatzea, esperientzia hau bizi ostean sagardozaleen sarea handituz.
Larrañagaren ustez, sagardoa beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera emango du txapelketak. “Ekoizpen tradizionalaren garrantzia azpimarratu nahiko genuke, eta kalitatearekin eta etorkizunarekin izan dezakeen lotura nabarmendu”. Sagardoaren kalitatearen bilaketan, egur ontziek kalitate hori bermatzeko eskain ditzaketen beste prozesu edo teknikak erabiltzea ahalbidetu dezakete.
Horrez gain, sagardogintzaren barruko aniztasunaren erakusgarri izan daiteke txapelketa, Larrañagaren ustez. “Txapelketa honek balio du, baita ere, ikusteko zenbat ekoizle interesgarri dauden, zenbat berezitasun ditugun gure inguruan... Horri balioa eman behar zaio, kalitate hori azpimarratu egin behar da: ondo egiten diren gauzen erakusleihoak ireki behar dira, azken finean, ondo egiten diren sagardoak etorkizunean bereizteko, eta gure sagardoekin disfrutatzeko.
Udalak txapelketarekin bat egingo du. Hala, 7.000€ bideratu ditu antolakuntzara, eta sari nagusia udalak emango du. Solaberrietak nabarmendu duenez, maiatza hilabete berezia izaten da usurbildarrentzat, Sagardo Eguna orduan ospatzen delako. Haren esanetan, dena den, sagardoaren kultura zabaltzeko ekimena Sagardo Egunaz haragokoa da Usurbilen, eta hamaika egitasmo eta proiektu sustatzen dira urte osoan: “Horren erakusle da sagardogintzaren bueltan ari garen eragile ezberdinok osatu genuen Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura agenda”.
Izan ere, Usurbil, sagarra eta sagardoa elkarri estu lotutako hiru kontzeptu dira, Solaberrietaren esanetan: “Sagarra eta sagardoa gure bizimoduaren ardatz izan dira mendeetan, eta, horregatik, herri-ondare garrantzitsua dira. Nabarmen ikusten da hori hainbat arlotan: historia, kultura, nekazaritza, hezkuntza, sorkuntza, turismoa, paisaia, garapen ekonomikoa, enplegua, merkataritza edota lurralde antolaketan. Eta, hain justu, hori guztia jaso asmoz, ikerketa antropologiko bat egitea eskatu genion Josu Ozaitari: nondik gatozen ezagutu, non gauden ikusi, eta, batez ere, etorkizuna irudikatzeko. Eta ondorioztatu ahal izan dugu hiru kontzeptu horiek ez direla kontzeptu historikoak edota geldoak, baizik eta bizi-bizirik daudela”.
Alkateak azaldu duenez, hori hala izanik ere, sagardogintzaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko asmoz, Sagardo Mahaia sortu dute herrian, elkarlanaren garrantziaz jabetuta: “Sagarra eta sagardoaren sustapenean ari garen eragileok, nor bere kasara aritzeaz gainera, elkarlanerako mahai edo topagune bat izango da, hainbat proiektu elkarrekin osatu, diseinatu eta martxan jartzeko”. Mahai horretan parte hartzen dute Usurbilgo Udalak, Alkartasuna kooperatibak, Sagardoaren Unibertsitateak, sagardotegiek, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Noaua Kultur elkarteak eta Hurbilago herriko merkatari eta ostalarien elkarteak. “Usurbil: sagarraren bihotza, sagardoaren kultura markak aterki zabala ematen digu, eta Usurbil sagardogintzaren mapan jartzen du: oinarri garrantzitsua dugu, eta ea zukutzen asmatzen dugun!”, nabarmendu du Solaberrietak.
Sariak
LEHENENGO SARIA. Usurbilgo Herriko Etxea Saria: 1000€ eta sariaren ziurtagiria
BIGARREN SARIA. Alkartasuna Kooperatibaren Saria: 450€-ko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta sariaren ziurtagiria
HIRUGARREN SARIA: Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 100€-ko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta sariaren ziurtagiria