Eduki publikatzailea
Atzealdea Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko ate irekien bigarren saioa, urriaren 2an
2025·09·22

Udalak Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko ate irekien bigarren saioa antolatu du, urriaren 2rako; 18:00etan egin du hitzordua, Egurtzegin, igogailuko pasarelaren hasieran. Ate irekien bidez, baliabide berri honen inguruko azalpenak eman eta etxebizitzak barrutik ezagutzeko aukera izango da: halako sei daude, eta lau udalak kudeatuko ditu, usurbildarrentzat. Etxebizitza horiek esleitzeko ordenantza hasieraz onartu zen uztaileko osoko bilkuran, eta jendaurrean egon ostean, behin betiko onartuta gelditu da. Hala, izen-ematea ate irekien bigarren saioaren ostean izango da, urriaren 6tik 25era bitartean.
Zaintza eredu propio eta berri bat sortzeko prozesua egina du udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean, eta, hain zuzen ere, pertsona ardatz duen arreta eredu berri baten norabidean, behar berriak azaleratu eta zerbitzu berriak ari dira sortzen. Behar horiei Kalezarko zaintzadun auzune Egurtzegin erantzutea posible zela iritzita, bizi osorako etxebizitzak eraikitzea adostu zuten udalak eta Matia Fundazioak. Zaintza behar izanda ere, pertsonek beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute; ezin den kasuetan, egoitzetara joan eta hausturak gertatzen dira euren egunerokoan. Haustura horiek saihestea da etxebizitza hauen zereginetako bat: zainduak eta zaintzaileak elkarrekin bizitzen jarraitu dezakete, eta, gainera, bien ongizatea zainduko da, besteak beste, bakoitzak bere espazioa izango duelako. Egurtzegin egonda, erreferentziazko gizarte langile bat izango dute, gainera, euren egoerak kudeatzen laguntzeko.
Halako sei etxebizitza daude Egurtzegin, eta Matiarenak dira, jabetzan; urte hasieran, udalaren eta Matiaren arteko alokairu kontratua onartu zen, sei etxebizitzatatik lau udalak kudeatu eta usurbildarrei alokairuan eskaintzeko. Udaberrian etxebizitza horietarako sarbidea eta irizpideak finkatzeko ordenantza prestatu du udalak, eta uztaileko osoko bilkuran onartu zen, hasieraz: jendaurreko epea amaituta, behin betiko indarrean dago jada. Udalean aurrez aurre edo egoitza elektronikoaren bidez izango da izena emateko aukera, urriaren 6tik 25era bitartean.
Ordenantzan zehazten dira, besteak beste, zein izan daitezkeen etxebizitza horien onuradunak, haien betekizunak, kontratuen iraupena, kuotak, esleipen moduak, etxebizitzak alokatu eta erabiltzeko baldintzak eta abar. Ate irekien saioan guztiaren inguruko azalpenak emango dira, etxebizitzak ikusi aurretik.

