Eduki publikatzailea

Atzealdea Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko ate irekiak, uztailaren 10ean

Zaintza behar duten pertsonak eta haien zaintzaileak bertan bizitzeko sortuak dira bizi osorako etxebizitzak, eta bertatik bertara ezagutzeko egingo dira ate irekiak. Halako sei daude Egurtzegin, eta lau udalak eskainiko ditu, usurbildarrentzat.

2025·06·25


Udalak Egurtzegiko bizi osorako etxebizitzak ezagutzeko ate irekiak antolatu ditu, uztailaren 10erako; 18:00etan egin du hitzordua, Egurtzegin, igogailuko pasarelaren hasieran. Ate irekien bidez, baliabide berri honen inguruko azalpenak eman eta etxebizitzak barrutik ezagutzeko aukera izango da: halako sei daude, eta lau udalak kudeatuko ditu, usurbildarrentzat.

Zaintza eredu propio eta berri bat sortzeko prozesua egina du udalak, hainbat eragilerekin elkarlanean, eta, hain zuzen ere, pertsona ardatz duen arreta eredu berri baten norabidean, behar berriak azaleratu eta zerbitzu berriak ari dira sortzen. Behar horiei Kalezarko zaintzadun auzune Egurtzegin erantzutea posible zela iritzita, bizi osorako etxebizitzak eraikitzea adostu zuten udalak eta Matia Fundazioak. Zaintza behar izanda ere, pertsonek beren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute; ezin den kasuetan, egoitzetara joan eta hausturak gertatzen dira euren egunerokoan. Haustura horiek saihestea da etxebizitza hauen zereginetako bat: zainduak eta zaintzaileak elkarrekin bizitzen jarraitu dezakete, eta, gainera, bien ongizatea zainduko da, besteak beste, bakoitzak bere espazioa izango duelako. Egurtzegin egonda, erreferentziazko gizarte langile bat izango dute, gainera, euren egoerak kudeatzen laguntzeko.

Halako sei etxebizitza daude Egurtzegin, eta Matiarenak dira, jabetzan; urte hasieran, udalaren eta Matiaren arteko alokairu kontratua onartu zen, sei etxebizitzatatik lau udalak kudeatu eta usurbildarrei alokairuan eskaintzeko. Azken hilabeteetan etxebizitza horietarako sarbidea eta irizpideak finkatzeko ordenantza prestatzen aritu da udala, eta uztaileko osoko bilkuran onartzea aurreikusten da.