Eduki publikatzailea

Egoera txarrari herri gisa erantzuteko, elkarlana

Lehenengo olatuan izandako etenaldi orokorrik ez gertatzeko moduez hausnartu du udalak herriko hainbat eragilerekin: eskerrak eman dizkiete, ekimenak antolatzen egiten duten ahaleginarengatik.

2020·10·29


Covid19-aren bigarren olatu betean, alarma egoera ezarri du Eusko Jaurlaritzak, eta, horrekin batera, baita segurtasun neurri berriak ere. Lehenengo olatuan, dena gelditu zen bertan behera, eta halako etenaldirik ez gertatzea nahi du udalak: segurtasun eta osasun neurriak hartuta, ahalik eta ekitaldi gehienei eustea. 30 lagunetik gora elkartu dira Udarregi ikastolako jangelan, egungo osasun egoeraz hitz egin eta udalak zein herritarrek antolatutako ekitaldiei eusteko moduez hausnartu dute. Udal-gobernuko kideek saioa aprobetxatu zuten, baita ere, herriko eragile guztiei eskerrak emateko, ekimenak antolatzeko egiten duten ahaleginarengatik.

Covid19-ak jotako herritarren kopurua gorantz doa azken egunetan: astelehenaz geroztik, eremu gorrian ageri da Usurbil Osakidetzak egunero argitaratzen duen txosten epidemiologikoan, azken 14 egunetan 100.000 pertsonako intzidentzia tasak 500 puntuak gaindituta. “Gure herria, egun gutxitan, inguruko herrietako kasu positiboek gora egin ahala, transmisio altuko herri izatera pasatu da, eta, horrenbestez, eremu gorrian gaude: kezkatuta gaude gure herrikideen osasunarengatik”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak bileran.

Pandemiari herri gisa erantzuteko bilera izan da, udalaren eta herriko eragileen arteko elkarlana bultzatuz: hezkuntza, kirola, kultura, gazte mugimendua, jubilatuak, auzo/herrietako ordezkariak, merkatarien elkarteko ordezkaria... “Guretzat garrantzitsua da zuekin denekin elkarlanean aritzea, komunitate bakar gisa aritzea, eta lan filosofia eta ikuspegi berarekin aritzea”, azaldu du Solaberrietak. Hala, eragileek orain artekoaz eta egungo egoeraz dituzten hausnarketak jaso dituzte, talde txikietan bilduta.

Irailarekin batera, udal-zerbitzu guztiak jarri ziren martxan, osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartuta, besteak beste, ikastaro, solasaldi eta abarren edukierak murriztuta. Neurri berriek zenbait saio berrantolatzea edo ordutegiz aldatzea eragin du, kiroldegiko ikastaroak, entrenamenduak eta Eskola Kirola kasu, edo azaroko kultur agenda, ordutegien kasuan.

Tabernari eta merkatariekin

Tabernariekin eta merkatariekin ere bildu zen atzo udala. Haien beharrak entzun eta laguntzeko prestasuna agertu zien. Horrez gain, haientzako dirulaguntza deialdi berezia egin du udalak, Covid19-aren eraginez euren negozioetan egin beharreko inbertsioak diruz laguntzeko.