Albisteak
Atzealdea

EBK Energia Berriztagarrien Komunitatea, martxan

Udaberrian abiatutako bideari eutsiko dio Usurbilgo Energia Berriztagarrien Komunitatea osatzeko taldeak: irailaren 21ean egingo dute ikasturte berriko lehenengo bilera. Lantaldeetan antolatuta, energia subiranotasuna eta jasangarritasuna bilatuko dituzte, tokiko garapenerako tresna izateko eta komunitatearen bizi baldintzak hobetzeko bokazioz.

2022·09·16


Usurbilgo EBK Energia Berriztagarrien Komunitateak datorren astean ekingo dio ikasturte berriari: irailaren 21ean egingo dute lehenengo bilera, Potxoenean, 18:00etan. Orain arte, taldearen helburuak finkatu dituzte, EBKren ardatz izango direnak, eta hiru lantalde sortu dituzte.

Energia pertsonen zein komunitatearen ongizaterako ezinbesteko elementutzat jota, energiarekiko lotura aztertu nahi du Usurbilgo EBK-k, eta herritarrak oinarri eta abiapuntu izango dituen alternatiba bat eskaintzen saiatu nahi du, energia subiranotasunaren eta jasangarritasunaren bila. Horretarako, herritar, eragile, elkarte, tokiko enpresa eta udalaren arteko lankidetza beharrezkoa dela nabarmendu dute. Hala, komunitate bizi eta aktibo bat osatu nahi dute, tokiko garapenerako tresna izateko eta komunitatearen bizi baldintzak hobetzeko bokazioz. Taldeak hala jaso ditu helburu horiek guztiak fundazio gutunean.

Talde handian ez ezik, talde txikiagoetan lan egiteko beharraz jabetuta, hiru lantalde osatu dituzte. Modu horretara, hainbat alor landu nahi dituzte, nork bere kasa, ondoren talde handian planteatu eta eztabaidatzeko. Batetik, proiektuen lantaldea dago: komunitateak zein proiektu bultza ditzakeen aztertuko du. Bestetik, komunikazioaren eta komunitatearen lantaldeak Usurbilgo EBKren izena eta logoa landuko ditu, bere jardunaren berri eman, partaide berriei harrera egin, eta, oro har, komunikazioari lotutako lanak bere gain hartuko ditu. Azkenik, lantalde juridiko-administratiboak EBK-ren bideragarritasuna aztertuko du, kooperatibaren estatutuak landu, eta abar.

Usurbilgo EBK-ren inguruko informazio guztia udalaren webgunean kontsulta daiteke.