Eduki publikatzailea
Atzealdea Desfibriladoreak erabiltzen ikasteko saioak egingo dira, datorren astean
2025·07·04
Oiardo kiroldegiak desfibriladoreak erabiltzen ikasteko bost formakuntza saio egingo ditu, astelehenetik ostegunera bitartean, kiroldegian bertan. Egun bakarreko formakuntzak izango dira, hiruna ordukoak: doan izango dira, baina aurrez izena ematea beharrezkoa izango da. Usurbilen zortzi desfibriladore daude instalatuta, baina jarrita izatea bezain garrantzitsua da horiek erabiltzen jakitea, kiroldegitik ohartarazi dutenez: “Egin dezagun Usurbil kardio-babestutako herria izatea, desfibriladoreak erabilgarri izan eta erabiltzen dakien pertsona talde konprometituarekin”.
Udalak jarritako desfibriladoreak honako lekuetan daude: kiroldegian, Harane futbol zelaian, Sutegiko arkupean, Santueneko frontoian, Zubietako frontoian, Egurtzegin (Pelaioeneara mugituko da laster), Aginagako eskola txikiaren kanpoaldean eta udaltzainen autoan. Txokoalden bederatzigarrena jartzea aurreikusia dago. Herrian gehiago ere badira, batik bat, enpresa pribatuek jarriak.
Hona ikastaroetan izena emateko egunak eta loturak:
- Uztailak 7, astelehena, 17:00-20:00. https://forms.gle/Fg9b5foAZwpnLSCN8
- Uztailak 8, asteartea, 09:30-12:30. https://forms.gle/WhVj7dwD1ZBfGcHT6
- Uztailak 9, asteazkena, 10:30-13:30. https://forms.gle/LKJaK7ipS2HoddPz9
- Uztailak 9, asteazkena, 17:00-20:00. https://forms.gle/yRdgJj8HwzmyvBTg9
- Uztailak 10, osteguna, 09:30-12:30. https://forms.gle/JU44YjECeTQ7ow6A8
Kirol sailak ohartarazi duenez, talderen batean izena ematen uzten ez badu, taldea bete delako izango da. Era berean, izena emandakoan txanda konfirmatzeko mezua jasoko da bueltan.