Eduki publikatzailea
2024·09·23
Datozen asteetan zuhaitzak moztu eta aterako dituzte Andatzatik, gaur bertan hasita. Mendiaren jabe den Gipuzkoako Aldundiak Basalan Arrospide enpresari eman dio zuhaitzak moztu eta ateratzeko baimena, eta horrek, aldi berean, Usurbilgo Udalari baimena eskatu dio basoa ustiatu eta egurra ateratzeko herri bideak erabili ahal izateko.
Ustiaketa egingo den lursailak 18 hektarea inguru ditu, eta 4.047 m3 egur ustiatuko dira: Insignis pinua, Lawson altzifrea, haritz amerikarra eta itsas pinua espezietakoak dira moztuko diren zuhaitzak. Lan horretarako aldundiak urtebeteko epea eman badio ere enpresari, Usurbilgo Udalak Aginagako tuneleko obren hasieran ezarri du muga. Izan ere, udaleko Ingurumen eta Nekazaritza sailaren arabera, bi lan horiek ez dira bateragarriak. Aginagako tuneleko obrak noiz hasiko diren zehazki ezagutzen ez bada ere, udazkenean bertan has daitezke lanak, dagoeneko lizitatu baitituzte: horiek hastean eten beharko dituzte baso-lanak.
Zuhaitzak moztu eta atera bitartean, azken urteetan ireki berri den PR-GI-216 bidea zati batean ez da erabilgarri izango: Txangosta eta Ziortzako langa bitartean itxita izango da.