Eduki publikatzailea
Atzealdea Covid19 birusaren harira, udal-eraikin guztiak itxita izango dira bihartik aurrera, eta kultur eta kirol ekitaldi guztiak bertan behera gelditu dira, prebentzio neurri gisa
2020·03·12
Covid19 birusa dela eta, prebentziorako hainbat neurri hartu ditu udalak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ikastetxe guztien itxierak bultzatuta, udal-zerbitzu guztietara zabaltzea erabaki du: kiroldegia, Potxoenea, liburutegia, eguneko arreta, Harane, Kzgunea, AEK, gaztelekua, ludotekak, yogako lokala... Guztiak itxiko dira, udaletxea salbu, aldi baterako, kontrako gomendio edo irizpideak jaso bitartean. Horrez gain, ostiraletik hasi eta hamabost eguneko epean antolatutako kultur eta kirol ekitaldi guztiak bertan behera geldituko dira. Horrek guztiak martxoaren amaieran jartzen du arreta: orduan baloratu beharko da momentuko egoera zein den, eta apirileko ekitaldiekin zer gertatuko den. Ez da udalaren eskumenekoa, baina Taxi Busak normal lan egingo du, oraingoz.
Herritarrekin hainbat bilera egin ditu udal-gobernuak gaur: jubilatu elkarteekin eta horien tabernak kudeatzen dituzten langileekin bildu da goizean, hezkuntza komunitatearekin eguerdian, eta kirol eta kultur taldeekin arratsaldean. Ezer publiko egin baino lehen herritarrekin aurrez aurre biltzeari garrantzia eman dio udal-gobernuak, modu horretara.
Udalaren aldetik, zuzenean edo zeharka, hainbat ekitaldi zeuden antolatuta: Soinurbil musika astea bertan behera gelditu da (eta, beraz, Altsasuko musika eskolaren emanaldia), baita Maider Usabiagarekin antolatutako solasaldia ere. Horrez gain, Usurbilgo Emakumeen Etxearen aurkezpena egitekoa zen udala larunbatean, Sutegin: atzeratu egingo da, nahiz eta ez duten egun zehatzik jarri oraingoz.
Kultur eta kirol eragileekin egindako bileran, zalantza bat aireratu du herritar batek: “Eraikin itxi batean egingo ez diren ekitaldiak bertan behera utzi behar dira?”. Udal-gobernuak erantzun die hori bakoitzak erabaki beharrekoa dela. Soinurbilek, esaterako, kalean diren ekitaldiak ere bertan behera utzi ditu.
Bandoa zabalduko dute bihar erabaki horien berri emateko. Udaletxea ez da itxiko, eta bihar goizean bilduko da berriz ere Prebentzio Mahaia, neurri horiek udal-langileei eta jardunari nola eragingo dien aztertzeko. Bihar modu arruntean funtzionatuko du, eta bihar goizeko bileran erabakiko da zer egin astelehenetik aurrera: oharra zabalduko dugu erabaki bezain pronto.
Hori guztia hala izanik ere, lasaitasunerako deia egin nahi du udalak, eta Osakidetzak higienerako emandako irizpideak modu aktiboan jarraitzeko eskatu die herritarrei. Neurri gogorrak diren arren, erabaki guztiek prebentzioa helburu dutela nabarmendu du udal-gobernuak.