Eduki publikatzailea

Atzealdea Covid19-ari aurre egiteko ostalari eta merkatariek egin beharreko inbertsioak diruz lagunduko ditu udalak

Azaroaren 20ra arte izango dute eskaerak aurkezteko epea.

2020·10·28


Usurbilgo merkataritza eta ostalaritza sektorea indarberritzeko dirulaguntza berri bat kaleratu du Usurbilgo Udalak: hain zuzen ere, Covid19 dela eta euren negozioetan egin beharko inbertsioak diruz laguntzeko. Deialdia argitaratuta dago dagoeneko Usurbilgo Udalaren webgunean zein Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean: azaroaren 20ra bitartean izango da eskatzeko aukera.

28.000 euro bideratuko ditu udalak laguntza horietarako, eta gastuen %100 arte ordaintzeraino lagun diezaieke, gehienez ere, 2.500 euroko mugarekin establezimendu bakoitzeko. Deialdi honetan aurreikusitako baliabideak agortuko ez balira, bigarren banaketa batean soberakinak banatuko lirateke, dauden eskaeren artean, eta gehienez ezarritako 2.500 euroko muga gainditu ahal izango da.

Eskaerak telematikoki egitea gomendatu du udalak, zerbitzu digitalen bidez, edo udalean bertan, horretarako aurretiazko hitzordua hartuta, 943 37 19 51 telefonora deituta.