Eduki publikatzailea

Covid19-aren eragina apaltzen doan arren, erantzukizunez jokatzeko deia egin du udalak

Azken 14 eguneko intzidentzia tasa 237,79ra jaitsita, eremu horian sartu da gaur Usurbil. Testuinguru arruntean, Sagardo Eguna litzateke: antolatzaileek balkoietatik ospatzeko egindako deia begi onez hartu du udalak.

2021·05·21


Covid19-aren eragina apaltzen hasi da aste honetan Usurbilen: ia hiru aste eremu gorrian egin eta gero, astelehenean sartu zen eremu laranjan, eta gaur, horian, azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 237,79raino jaitsita. Hori hala izanik ere, erantzukizunez jokatzeko deia egin du udalak.

Izan ere, pandemiak bere horretan jarraitzen du, eta hari aurre egiteko neurriek indarrean jarraitzen dute (maskara erabiltzea leku ireki zein itxietan, gehienez 6 lagun elkartzea, gune itxietako edukiera arauak, eta abar). “Herritarrek erantzukizun handiz jokatu dute orain arte, eta asteburu honetan ere, usurbildarrontzat hain seinalatua eta berezia den honetan ere, berdin jokatzeko deia egin du udalak, guztion osasuna zaintzeko”.

Osasun krisia hasi zenetik errepikatu duen mezua ekarri du gogora udalak: “Joka dezagun arduraz: elkar zaintza da txertorik eraginkorrena”.