Eduki publikatzailea
Atzealdea Buruntzaldeko ibilbideen XVII. eguna ospatuko da urriaren 19an
2025·10·13

Buruntzaldeko Ibilbideak proiektua berriz ere martxan da, aurten bere XVII. edizioa ospatuz. Ekimen honen bidez, parte-hartzaileek aukera izango dute Buruntzaldeko landa-ingurune naturala ezagutzeko, jarduera fisiko arina eta lehiarik gabekoa eginez, edozein adin eta mailatako pertsonentzat egokia dena.
Aurtengo Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna urriaren 19an izango da, 08:00etatik 14:00etara. Jarduera honen helburua da eskualdeko herrien arteko loturak sustatzea eta ingurune naturala modu osasungarri eta jasangarrian gozatzeko aukera ematea.
Ibilbideak
Parte-hartzaileek bost ibilbide izango dituzte aukeran, herriak elkarlotzen dituztenak:
Andoain–Lasarte-Oria: 7,9 km (Buruntza mendia zeharkatuz); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoa dira.
Andoain–Urnieta: 4,8 km; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.
Andoain–Usurbil: 14,9 km (luzeena, Andatzatik barrena); oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoak beharrezkoa dira.
Lasarte-Oria–Urnieta: 3,9 km; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoa dira.
Lasarte-Oria–Usurbil: 4 km; oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoak beharrezkoak dira.
Bideetan zehar jarritako gezi eta seinaleek norabideak eta distantziak adierazten dituzte, herri bakoitzaren kolore bereizgarriekin: Andoain (urdina), Lasarte-Oria (urre zaharra), Urnieta (berdea) eta Usurbil (laranja).
Antolaketa eta zerbitzuak
Ibilbideetan zehar anoa-puntuak eta kontrol-postuak egongo dira herri bakoitzean:
Urnieta: Herriko plaza Lasarte-Oria: Elizatze plaza Andoain: Herriko plaza Usurbil: herriko frontoian
Oharra: aurten ez da ur-botilarik banatuko; beraz, gomendatzen da bakoitzak bere botila eramatea. Bideetan zehar iturri ugari daude betetzeko.
Parte-hartzaileek, gainera, Navi Ruta aplikazioaren bidez jarraitu ahal izango dute ibilbidea. Mugikorrean erabil daitekeen aplikazio honek une oro erakusten du parte- hartzailearen kokapena eta jarraitu beharreko norabidea. Aplikazioa deskargatzeko, udalerrietako paneletan dauden QR kodeak eskaneatu edo herri bakoitzari dagokion klabea sartu behar da.
Bestalde, ohiko moduan, autobus-zerbitzua egongo da 12:07etik 14:07 bitartean, Usurbilgo San Ignazio biribilgunetik eta eskualdeko herriak lotuz (Usurbil, Lasarte- Oria, Andoain eta Urnieta).
Antolatzaileak eta laguntzaileak
Ekimen hau Buruntzaldeko udalen kirol zerbitzuek antolatu dute (Andoain, Lasarte- Oria, Urnieta eta Usurbil).
Laguntzaileak:
Euskalduna Mendigoizale Elkartea (Andoain) Ostadar S.K.T. (Lasarte-Oria)
Super Amara
Arduradun nagusia: Usurbilgo Udala
Informazio gehiago
Informazio gehigarria eta zalantzak argitzeko Buruntzaldeko kiroldegietara deitu daiteke:
Andoain: 943 30 01 47
Lasarte-Oria: 943 37 61 82
Urnieta: 943 00 83 28
Usurbil: 943 37 24 98
Albisteko argazkia: Noaua astekaria.
Autobusaren kartela: hemen.

