Eduki publikatzailea
Atzealdea Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna egingo dute urriaren 25ean, osasun eta segurtasun neurriak hartuta
2020·10·16
Egokitzapenekin bada ere, Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna antolatu dute Lasarte-Oriako, Urnietako, Andoaingo eta Usurbilgo kirol zerbitzuek, Andatza eta Euskalduna elkarteen eta Ostadar SKTren laguntzarekin: urriaren 25ean izango da, 08:00etatik 14:00etara. Ohi bezala, bost ibilbide izango dira aukeran, zailtasun eta distantzia desberdinekoak, herriotan jarritako panelei jarraituz egin daitezkeenak. Lehiatzeko ez den eta edozein pertsonarentzat egokia den jarduera egiteko eta Buruntzaldeko landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Covid19a dela eta, moldaketa batzuk egin dituzte. Batetik, aurten ez da kontrol eta anoa punturik jarriko, eta ez da autobus zerbitzurik izango. Parte-hartzea egiaztatzeko webgune bat prestatu dute, eta hilaren 25ean egun osoan izango dute bertan erregistratzeko aukera. Ohi bezala, parte-hartzea sarituko dute: ibilaldiaren osteko egunetan opari bana emango zaie norbere herriko kiroldegian.
Duela zenbait urtetik hona bezala, smartphone-etarako Navi Ruta aplikazioa lagungarri izango dute parte-hartzaileek. Buruntzaldeko edozein ibilbide egiterakoan, informazioa eskainiko die (kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak...). Udalerri bakoitzeko paneletan dauden QR kodeak eskaneatu beharko dira horretarako.
Hauexek dira bost ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Oinez soilik egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.
ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.
ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Oinez soilik egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.
LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.
LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.